Orientazio proba egingo du Matxinkortak Arrankudiagako festetan

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abu. 10a, 10:19

Matxinkortako kideak. / Aiaraldea.eus

Abuztuaren 15ean izango da proba, 11:00etatik aurrera. Bakarka edo bikoteka hartu ahalko da parte.

Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta Mendi taldeak ekintza berria plazaratuko du aurtengo festetan: orientazio proba. Abuztuaren 15ean, asteazkenean, egingo dute; 11:00etan. Izen-ematea egunean bertan irekiko da, 10:30ean plazan.

Bi maila izango ditu norgehiagokak. Ibilbide horia lau kilometrokoa izango da, 90 metroko desnibelarekin. 15 urte bitartekoei zuzendutako jarduera da honakoa. Gazte eta helduek -hots, 16 urtetik gorakoek- 8 kilometroko zirkuitua osatu beharko dute, 200 metroko desnibelarekin. Bakarka edo binaka arituko dira kirolariak. "Sariak lehen hiru sailkatuentzat egongo dira", adierazi dute antolatzaileek.

Kirol proba baino, jolasa
"Askotan herriko txoko eta paraje asko gugandik hurbil egon arren ez ditugu ezagutzen, beraz, antolatu dugun orientazio frogaren helburu nagusia, herriko jendeak Arrankudiagako hainbat leku ezagutzea da", azaldu dute antolatzaileek. Jolas ikutua eman nahi diote ekintzari: "Berez, orientazio lasterketa deitu arren, altxorraren bilaren antzeko joko herrikoi bat izango da. Partehartzaileei mapa bat emango zaie eta hauek mapa hori jarraituz pistak aurkitu beharko dituzte ibilbide bat burutu arte".

Herriko auzoak ezagutzeko aukera
Zein bazter zeharkatuko ditu ibilbideak? Herrigunea izango du ardatz, Matxinkortakoen esanetan: "Prestatu ditugun ibilbideek batez ere herriko Elexalde auzoa eta bere inguruko Arrankudiagako auzoak zeharkatuko dituzte".

Partaideek ez dute ezer berezirik eraman beharko, "arropa eta oinetako erosoak" baino ez. "Edozein pertsonak egiteko moduko bi ibilbide diseinatu ditugu".

 Matxinkorta Mendi Taldea erabiltzailearen argazkia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide