Bide publikoen atala osatzeko helburuarekin heldu dio Arrankudiaga-Zolloko Udalak bideen inbentarioa eguneratzeari. Bertan bildu nahi dituzte ibilgailuentzako guneak, tradiziozko zoladura gabekoak edota oinezkoenak; gurdibideak eta bide-zidorrak barne. Hala zehaztu du Itziar Duoandikoetxea alkateak. Egitasmoa gauzatzeko Sendoa S.L enpresaren zerbitzua kontratatu dute. Ikerketak 8 hilabete iraungo ditu orotara, eta metodo historiko-geografikoa baliatuko dute, "auzokideen interesak eta ekarpenak jasotzeko". Hala, udan egin zuten aurkezpen publikoa: "Jende asko gerturatu zen". Aurkezpenetik, auzokide guztiei egin diete parte hartzeko deia, ekimenean interesa dutenen parte hartzea garrantzitsua dela iritzita.
Horietako bat da Txutxi Ariznabarreta zolloarra. "50eko hamarkadan egin ziren katastro lanak. Diputazioko zein herritarren dokumentazio zaharrak berrikusiko dira orain. Auzoz auzo, adineko jendearekin egingo dira kontrasteak. Udazkenean izango da hori, edadetuen parte hartzearekin", zehaztu du. Modu horretan osatuko dute lehen zirriborroa, bilera irekian aurkeztu eta kontrastatzeko. Ondoren onartuko du behin-behineko egitasmoa Udalak, alegazioetarako tarteari bide emateko segidan.
Egitasmoaren onurak aipatu ditu Ariznabarretak: "Auzokideen gatazkek -bide mozketak, lurrak ixteko baimenak eta abar- udalean bukatzen dute, eta orain arte zehaztu gabe zegoen bide batzuen izaera. Erreminta honekin irzipideak argiago egongo dira, katastroek nagusiki lur mota eta zergei eragiten baitie. Hutsune normatiboari erantzun nahi diogu honekin".