Abuztuaren amaieran jakinarazi zuten ikasturte berriko lehen irteera Matxinkortakoek: Isaba-Belagua. Urriko hirugarren astebururako prestatu dute bidaia, asteburu osoko zeharkaldia. Larunbat eguerdian abiatuko dira Arrankudiagako plazatik, 17:00etan Isabatik Belabartzera joateko. Zehaztu dutenez, 9.1 kilometroko zeharkaldia da. Aterpetxean afalduko dute, eta bertan egingo dute lo.
Biharamunean, urriaren 21ean, bi ibilbide mota proposatu dituzte. Batetik, laburra, 3.9 kilometrokoa; eta, bestetik, luzea, 13.4 kilometrokoa. Zirkuitu motza hautatzen dutenek 2.044 metroko Arlas mendia izango dute helburu, eta gainontzekoek Auñamendi (2.509m). Igandean 17:00etan itzuliko dira Arrankudiagara.
Informazio gehiago eskuratzeko matxinkorta@gmail.com posta elektronikora mezua bidali daiteke, edota Ekilore dendan galdetu.