Ideia berriekin ekingo diote Arrankudiaga-Zolloko Trail Lasterketaren VII. edizioari. 6 eta 14 kilometroko lasterketen ibilbideak mantenduko badituzte ere, ikusleen artean eragingo dute aurten.
Zehazki, Oskar Perez txingalaria gonbidatu dute antolatzaileek zenbait erronkari aurre egiteko. 25 kiloko txingak baliatuko ditu eta jendeak iragarri beharko du zenbat denbora hartuko duen 100 iltze egiteko. Horrez gain, ibilbide motzeko lasterketaren emakumezko garailea heldu arte zenbat iltze egingo dituen asmatu beharko dute, baita ibilbide luzeko probaren gizonezko irabazlea helmuga gurutzatu arte. Kiniela horiekin eta herri kirolariaren ahaleginarekin espero dute giroa sortzea herrigunean.
Umeak, helduak eta publikoa
Ikusleek 15:45etatik aurrera har dezakete larunbatean Arrankudiagako herriko plaza. Izan ere, umeen lasterketak hasiko dira ordu horretan. Unai Gorostizaga antolatzaileak jakinarazi du kategoriaka aterako direla haurrak eta 16:20ak aldera bukatuko dutela.
Berez, 16:30ean abiatuko dira sarreratik lasterkari helduak eta Oskar Perezen ikustaldia hasiko da ere. Txingalariaren partaidetzak 45 minutu inguru iraungo du.
Inskripzioa
Izena emateko bi bide daude. Alde batetik, www.sailkapenak.com helbide elektronikora jo daiteke bihar arte, 22:00ak baino lehen. 7 euro balioko du horrela. Larunbatean bertan plazan ere egin daiteke, hori bai, 10 euro ordainduta.
Txakur krosik ez
Unai Gorostizagak azaldu du arrazoi teknikoen ondorioz, uko egin diotela txakur krosa antolatzeari. "Eskatzen zizkiguten baldintzak oso zailak ziren betetzeko. Esaterako, eguraldiaren tenperatura aintzat hartu behar genuen", adierazi du antolatzaileak.