Arrankudiaga-Zolloko argazki zaharren erakusketa prestatzen ari dira gazte asanbladako kideak. Txondor gaztetxean egongo da ikusgai, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra.
Egitasmoak hainbat helburu dituela adierazi dute antolatzaileek: “Herrian jazo diren aldaketak erakustea, gure nagusiek zer nolako bizimodua zuten ikustea, antzina zer nolako janzkerak zeuden jakitea...”.
Nabarmendu dutenez, gazte zein nagusiei zuzendutako ekimena izango da. “Gazteek aukera izango dute urteetan zehar herriak izan dituen aldaketen berri izateko. Nagusiek, aldiz, euren gaztaroa gogoratzeko parada izango dute”.
Argazkien bila
Irudiak bilduko dituzte erakusketa atontzeko. Posta elektroniko bidez (azgazte@gmail.com helbidera) bidali daitezke, abenduaren 16a baino lehen. Aukera egongo da baita ere gaztetxera formatu fisikoan eramateko.
