Telebistako jantzitegietan egin duzu lan. Zein programetan?
Goazen, Dantzango eta Bagoazen. Telebistatik harago, baina, nire marka propioa ere badut: River William, eta horrekin nabil lanean. Horrez gain, ballet ikuskizun baterako jantzien diseinua sortu dut, eta beste artista batzuekin egin ditut kolaborazioak ere.
ETBko jantzitegian egiten duzu lan. Zertan?
Jantzitegiko laguntzailea naiz. Gure arduraduna estilista da, eta gero bi laguntzaile gaude. Telesaila hasi baino lehen erosten dugu arropa guztia, pertsonaien arabera. Ondoren, aktoreekin probak egiten ditugu. Telesailaren grabaketetan aktoreak jantzi, arropak lisatu, set-ean egon, raccorden kontrola eraman... denetarik egiten dugu.
Grabaketak luzatzean, nola lortzen duzue arropen nolakotasuna mantentzea?
Gidoia aurrez ematen digute, eta horren beharrei erantzuten diegu. Bertan azaltzen bada Ikerrek birritan agertu behar duela, adibidez, arropan duen mantxa mantendu behar du. Gidoiarekin batera pasatzen digute pertsonaien izaera; eta guk horren gainean aukeratu edo erosten dugu arropa.
"Gidoia aurrez ematen digute, eta horren beharrei erantzuten diegu"
Telebistako arropak nondik eskuratzen dira?
Pausoka ekoiztetxeak arropategi propioa du, urtez urte gordea. Gainontzekoak hainbat dendetatik ekartzen ditugu.
Telesail baten grabaketa hasi aurretik, zenbateko lana dago?
Nire arduraduna maiatzaren erdialdean hasten da, eta ni ekainean. Aurreprodukzioa ekainaren hasieran abiatzen dugu, Goazen udan grabatzen baita. Iaz ekainaren 4an ekin genion lanari, eta abuztuaren 24an bukatu genuen. Azarotik uztaila arteko kapituluak ateratzen ditugu hortik.
Dantzango programan, aldiz, nolakoa da zure esku hartzea?
Zeharo ezberdina da lana. Coachak janzten ditugu guk -hautatzaileak- batez ere. Izan ere, dantzariek eurek aurkezten digute ideia, eta horren arabera prestatzen dugu guk artista gonbidatuaren jantzia. Niretzat dibertigarriagoa da Dantzango Goazen baino, lana monotonoagoa baita telesailean. Izan ere, Goazen Azpeitin grabatzen da, eta egunero egon behar gara janzten, arropa lisatzen... Niretzat hori da aspergarriena: kameren atzean egon behar dugu, esaterako, Zuzenen sotana garbi dagoela konprobatzen, gurutzea bere tokian dagoela bermatzen... Telesailetan pertsonaien izaera egonkorra da, eta galetan guztia aldatzen da. Erronka desberdina da, abestiak eta pertsonaiak beti aldatzen direlako.
Arropak aktoreen lanean eragiten duela uste duzu?
Arropak ez du baldintzatzen aktoreen lana, baina lagundu bai, pertsonaia hobeto antzezteko. Koloreek ere eragiten dute pertsonaian. Pelikula batzuetan oso nabarmena da erabilera, oso sotila bada ere. Goazenen umeentzat kolore biziak egotea eskatzen digute. Gidoiaren eta pertsonaien arabera aukeratzen ditugu jantziak.
"Arropak ez du baldintzatzen aktoreen lana, baina lagundu bai, pertsonaia hobeto antzezteko"
Telebistan parte hartzea nolako esperientzia izan da zuretzat?
Niri gustatzen zait, gustura nago. Bilboko ETBko egoitza ez dut ezagutzen, baina Donostiko Miramonera sartzea sekulakoa da. Goenkale, Vaya Semanita... programa bakoitzak bere biltegia du. Kontaezina da ETBko biltegietako arropa, programa batzuek euren atal propioa dute. Aurkezle batzuek euren armairuak dituzte. Jantzitegian hainbat bulego daude, gurean bi.
Zer da ETBko jantzitegian topatu duzun gauzarik bitxiena?
Denetarik dago: yogako arropa, Guardia Zibilena, trogloditena... Horrek harritu ninduen gehien.
Telebista edo moda, zer duzu nahiago?
Biak. Gehien gustatzen zaidana nire markarekin lan egitea da, jendeak nire sorkutnza propioa daramalako aldean. Bestalde, telebistan jardutea interesgarria iruditzen zait, kreatibitate azkarragoa lantzen delako.
Zenbat lan ikusezin daude pantailen atzean?
Asko. Argi teknikariak, soinuenak, makillajekoak, produkziokoak... Gure artean oso ondo konpontzen gara. Aktoreak, atrezzokoak, errealizatzaileak... oso jatorrak dira denak. Goazeneko lantaldea 70-100 pertsonakoa da, pentsa! Horregatik, grabaketetan bi unitatetan banatzen gara: batzuk klaseko sekuentziak egiten ari diren bitartean beste batzuk kalekoak aurreratzen ditugu, Oiartzunen esaterako.