Diako kaleratzeen aurka bi eguneko greba egin dute ELAk eta LABek

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ots. 28a, 18:55

Atxetako supermerkatuan bi eguneko greba egin dute. / Aiaraldea.eus

Martxoaren 5ean eta 11tik aurrera greba mugagabea deitu dute ELAk eta LABk. Atzo eta gaur ere greba egunak izan dituzte.

Bizkaiko Dia supermerkatuetan mobilizatzeari ekin diote ELAk eta LABek. Atxetako dendan ere izan du eragina grebak, atzo eta gaur protestan aritu baitira langileak. Kaleratzeak salatzea da helburua. Hala, hurbildu diren herritarrei eskuorriak banatu dizkiete. "Egoera azaldu ostean, jende gehiena ez da erosketak egitera sartu. Horniketa kamioiak ere egin du atzera", adierazi diote Aiaraldea hedabideari grebalariek. Bizkaian 300 behargin zeuden deituak protestara, eta erdiek egin dute bat grebarekin.

Euskal ordezkaritzarik ez negoziaketa mahaian
Otsailaren 8an jakin zuten sindikatuek Espainiar Estatuan Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedura abiatu duela enpresak. "Prentsa eta langileoi aldi berean jakinarazi zitzaigun", salatu dute. 15 eguneko epean negoziazio mahaia eratzeko konpromisoa hartu zuen zuzendaritzak orduan.

Alabaina, Euskal Herrian ordezkaritza nagusia izan arren, ez dute euskal sindikatuengana jo. Hori dela eta, greba deitu dute ELAk eta LABek gehiengoa duten lurraldeetan -hots, Bizkaian eta Gipuzkoan- otsailaren 27an eta 28an. Sindikatu horiek negoziazio fasean ordezkaririk lortu ezean, martxoaren 5ean greba egingo dute berriro, "eta martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dugu DIA supermerkatuetako enpleguaren eta lan baldintzen alde".

Euskal sindikatuen aburuz, langileek ez dute ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko: "Azken hilean mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobeak behar dira. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri. Hemen analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, irtenbiderik egokiena erabaki dadin". 

Egoera bideratzeko, Espainiako DIAko zuzendaritzarekin jarri dira sindikatuak herremanetan: "Mahai horretan parte hartzeko eskubidea zor zaigula jakinarazi diegu LAB, ELA eta Galizako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuok FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei". Oraindik, ordea, ez dute erantzunik jaso. "Negoziazio mahaia gure ordezkaririk gabe eratzen bada, antidemokratikoa eta legez kanpokoa izango da", azpimarratu dute. Aldaketarik ezean, beraz, martxoaren 5ean emango diote segida grebari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide