“Bizkaia eta Gipuzkoan enplegu espedientearen eragina txikia izatea da gure helburua, horretarako gaude greba mugagabean”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 11a, 17:00

Atxetako DIA supermerkatuan lan egiten du Enkarni Alonso Larrazabalek. / Aiaraldea.eus

ENKARNI ALONSO LARRAZABAL aretarrak Atxekoa DIA supermerkatuan egiten du lan eta LAB sindikatuko ordezkaria da. Greba mugagabean daude Bizkaiko eta Gipuzkoako supermerkatuko langileak, enpresaren zuzendaritzak mahai gainean jarri duen Enplegua Erregulatzeko Espedientea dela eta.

Greba mugagabea egiten ari zarete Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileak, Enplegua Erregulatzeko Espedientea dela eta. Zein da gaur egungo egoera?

Otsailaren 4ra arte ez genuen gaiari buruzko informaziorik. Orduan jakinarazi zuen enpresak Enplegua Erregulatzeko Espedienteak 2.064 langileri eragingo ziela.

Bizkaia eta Gipuzkoan 71 behargini eragingo lieke, %12,65ari, alegia. Otsailaren 8ko bileraren ostean CCOOk adierazi zuen 29 denda enplegu espedientetik ateratzea lortu zuela, eta horietako 4 EAEkoak direla.

Informazio horren arabera, azkenean 1.688 pertsonari eragingo lieke espedienteak, baina oraindik ez dute zehaztu non egingo lituzketen kaleratze eta itxierak. Ez dakigu oraindik zer irizpide jarraituko duten, ea jubilatzear dagoen jendea edo sartu berri dena kaleratuko duten. Bihar -martxoak 12- egingo dute hurrengo bilera.

Ez da bidezkoa enplegu espedienteak lanean urte luzez aritutako pertsona bat kaltetzea bere denda gaizki doalako.

Dena dela, hori da enpresak planteatu duena. Gero negoziazio mahaian argudiatu beharko dute zergatik planteatzen dituzten kaleratze horiek. Itxaroten gaude, beraz.

Negoziazio mahaian parte hartu ahal izatea eskatzen duzue.

Bai. ELA eta LABi ez ziguten Madrilgo negoziazio mahaian parte hartzen utzi, Estatu Espainiarrean ordezkaritza nahikoa ez genuela esaten zutelako. Galiziako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuak gurekin jarri ziren harremanetan orduan, lau sindikatuak batera negoziazio mahaia eratzea lortu genezakeen ikusteko.

Baina Fetico eta CCOO sindikatuek atzera bota zuten gure proposamena, hainbat sindikatuen indarrak ordezkaritza gehiago lortzeko batzea legez kanpokoa zela argudiatuta. Salaketa jarri dugu erabaki horren aurrean, baina ebazpenaren zain gaude.

Otsailaren 27an -egin genuen lehen greba egunean- idazki bat eraman genion enpresari, egoeraren gaineko informazioa eskatzeko. Zuzendaritzak ez zigun atea ireki ere egin.

Iragan astean egin zenituzten lehen hiru lanuzteak, eta greba mugagabeari ekin diozue orain. Zer nolako animoak daude langileen artean?

Greba hasi genuenean jendea oso animatua zegoen. Enpresak lasai egoteko esan digu, eta benda zauria izan baino lehen jartzen ari ginela, baina Madrilen zer gertatuko zaigun erabaki arte...

Negoziazio mahaia baldintzatzea zen gure helburua, Bizkaia eta Gipuzkoan enplegu espedientearen eragina txikia izatea. Horretan ari gara. Nola egongo gara lasai ez baldin badakigu zer gertatuko den?

Hiru eguneko greba egin genuen lehenbizi, eta orain mugagabeari heldu diogu, enpresaren partetik ez dugulako erantzun zehatzik jaso. CCOOk adierazi zuen ez zuela aurreikusten grebarik egitea enpresaren erantzunaren zain zeudelako, baina ez dute ezta aukera hori baztertu. Noizbait lanuzteak deitzen badituzte baliteke elkarlanean aritzea eurekin.

Honakoa ez da grebara zoazten lehen aldia.

Ez, 2017. urtean ekin genion lanuzteak egiteari, langile gehiagoren kontratazioa aldarrikatzeko. Supermerkatuetan oso langile gutxi geundela ikusten genuen. Horregatik, oporretan eta bajan dauden beharginen lanpostuetan ordezkoak sartzea eskatzen genuen, besteak beste.

Greba horiek ez ziren oraingoak bezalakoak izan. Toki batzuetan langile gehiago batu ziren eta beste batzuetan gutxiago. Baina lortu genuen zuzendaritza gurekin biltzea eta sindikatuekin batera lan egiteko konpromisoa hartzea. Abendutik daramagu zonaldeko arduradunarekin bilerak egiten, dendetan ditugun arazoez hitz egiteko, eta egia da mahaigaineratzen genituen arazoekiko soluzioak planteatu zizkigutela, enplegu espedientearen afera atera den arte.

Dendetan langile gehiago behar zenituztela aldarrikatzen zenuten, eta enpresaren erantzuna enplegua murrizteko plana aurkeztea izan da.

Hori da. Egia da hedabideetan aspalditik entzuten zela DIAren egoera txarrera zihoala. Zuzendaritzatik esaten ziguten lasai egoteko, eta hori esaten genion guk ere langileei.

Hori horrela izan da otsailaren 8ra arte. Egun horretan jaso genuen enplegua erregulatzeko espedienteari buruzko mezu elektronikoa. Ezustekoa izan da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide