Javier Escalza Athleticzale Peña, segida luze baten azken alea

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 22a, 07:00
Javier Escalza Athleticzale Peñaren sorrera ekitaldiaren irudi bat.

Javier Escalza Athleticzale Peña sortu dute Arrankudiaga-Zollon. Apirilaren 30ean egin zuten jaiotza-ekitaldia. Hainbat ekintza egin dituzte dagoeneko, eta beste hainbat ekimen garatzeko asmoa dute aurten. Ez dira bakarrak: eskualdean antzeko talde ugari daude Bizkaiko futbol klubaren aldeko aldarria zabaltzen.

Javier Escalza Athleticzale Peña aurkeztu zuten iragan apirilaren 30ean Arrankudiaga-Zollon. Futbolari arrankudiagarra izan zen Escalza. C.D. Indarran hasi zuen bere ibilbidea, eta 1974. urtean sartu zen talde gorri-zurian. Euskal Selekzioarekin ere hainbat partida jokatu zituen. 1987. urtean erretiratu zen, eta 2007an zendu zen gaixotasun baten ondorioz.

Horregatik erabaki dute peña sortu berriari bere izena jartzea. “Ehun bat pertsona bertaratu ziren aurkezpenera, adin guztietakoak. Javierren senideak ere gerturatu ziren”, azaldu du Aritz Galarzak. Bere hitzetan, Athleticekiko harremana sustatzea da  taldearen asmoa. “Ikusten genuen globalizazioaren ondorioz herriko gazteek Athleticekin harremana galtzen ari zirela, horregatik erabaki genuen peña sortzea”. Aurkezpen egunean ekin zioten bazkideak egiteari, eta momentuz 60 pertsona batu dira taldera. “Hori asko da Arrankudiaga-Zolloren tamainako udalerri batentzat”, nabarmendu du Galarzak.

Ekintza ugari
Egitasmoa orain aurkeztu dute, baina hilabeteak daramate ekintzak egiten. Iazko Andra Mari jaietan egin zuten euren lehen jarduera publikoa. “Punteria joko bat antolatu genuen umeentzat. Jende nagusiarekin errepikatu genuen gero, Kofradia egunean. Oso ekintza dibertigarria izan zen”.

Autobusa ere antolatu dute San Mamesera, emakumeen taldearen partidu bat ikusteko. Egitasmoa arrakastatsua izan zen, autobusa betetzea lortu baitzuten.

Orain proiektu gehiago dituzte esku artean. Athleticeko jokalariak gonbidatu nahi dituzte herrira. Abenduan, aldiz, Javier Escalzaren ibilbideari buruzko argazki erakusketa atontzea dute buruan.



Eskualdeko beste taldeak
Arrankudiaga-Zollokoa ez da eskualdean sortu den Athleticen aldeko lehen peña. Mota horretako talde ugari daude eskualdean. Laudion Orbaiz Athletic taldea sortu zen 2002. urtean eta Laudioko Athletic Club Taldea ere existitzen da. Urduñan, aldiz, Peña Athletic Club de Orduña sortu zen 1994an.

Baina talde aktiboenetako bat Amurrioko Etxegoien da. 1999ko uztailaren 14an jaio zen, eta 125 bazkide ditu gaur egun, garai onenetan 200 baino gehiago izatera iritsi zen arren. Hainbat jarduera egiten dituzte. Alde batetik, bidaiak antolatzen dituzte San Mamesera, urtean bitan. Maiatzean, aldiz, herri bazkaria egiten dute, Bizkaiko klubarekin erlazionatutako pertsona ezagunen bat gonbidatuta (iaz La Otxoa artista bertaratu zen, adibidez).  

Horrez gain, taldeko kideek nabarmendu dute ez dutela inolako diru-laguntzarik jasotzen: “Bazkideen kuoten bidez finantzatzen ditugu egiten ditugun ekintza guztiak”.



Peñista Eguna Artziniegan
2017ko udan Euskal Herriko athleticzaleen epizentroa bihurtu zen Aiaraldea, Peñista Eguna egin baitzen Artziniegan. Jai hori Araban ospatzen zen lehen aldia izan zen hura.

Herri horretakoa da, hain zuzen, Peña Tiburon taldea, 2012. sortua. “Pleistozeno garaiko marrazo baten arrastoak topatu zituztelako jarri genion izen hori taldeari”, azaldu dute sortzaileek.

Gaur egun 38 kide dira. “Kepa Sojo eta La Otxoa dira gure ohorezko bazkideak”. Hain zuzen, zinemagile laudioarraren azken filman (La pequeña Suiza) agertzen dira peñaren armarr eta bufanda.

Etorkizunerako proiektu ugari dituzte taldeko kideek: “herriko jaien pregoia irakurri nahi dugu eta tiburoi forma duen ontzi bat erosi”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide