"Azkenaldian sektore batzuen partetik datozen gezurrak ezeztatu nahi ditugu", adierazi dute prentsa oharrean. Batetik, datorren lege agintaldian EAJk gobernatuko balu, gaztetxea ez dutela botako esan dute; eta, bestetik, udal lan-poltsa ez dutela itxiko.
"Gure partetik argi utzi nahi dugu biak guztiz faltsuak direla. Ez dugu gaztetxea itxiko ezta botako, eta lan poltsari dagokionez esan beharra daukagu indartu egingo dugula, azken urte hauetan kanpoko mantentze lanak areagotu baitira", zehaztu dute.
Zurrumurruen iturburuei ere luzatu diete mezua: "Ez daitezela herritik zehar gezurrak zabaltzera dedikatu, eta ez daitezela gure auzokideak manipulatzen saiatu". Bestalde, herritarrei bi gai horien inguruan zalantzarik badute, Arrankudiaga-Zolloko Uri Buru Batzarreko edozein kiderekin hitz egiteko gonbita zabaldu diete.