Euskal dantzen ikastaroarekin emango diote hasiera ikasturteari Txondor Gaztetxean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ira. 17a, 10:00
Txondor Gaztetxean egingo dute ikastaroa. / Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanblada

Hitzaldiak, kontzertuak eta umeentzako ekintzak egitea ere aurreikusi dute.

Gogotsu ekingo diote ikasturte berriari Arrankudiagako Txondor Gaztetxean. Dantza ikastaroa abiatuko dute asteazkenean.

Ordubeteko saioak egingo dituzte astero, ekainera arte. “Astelehenetan edo asteazkenetan egingo ditugu, arratsaldeko zazpietan (irakaslearen lan ordutegiaren arabera)”, azaldu dute Arrankudiaga eta Zolloko Gazte Asanbladako kideek, “hilabete hasieran adostuko ditugu datak.  “Talde irekia” dela nabarmendu dute. “Beraz herriko gazteak eta helduak animatzen ditugu parte hartzera!”.

Ikastaroaren egiten duten hirugarren ikasturtea izango da honakoa. Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz. “2018an herriko zenbait gazteren artean komentatu genuen euskal dantzak ikasi nahi genituela eta herriko gainontzeko pertsonei ere ikasteko aukera eman nahi geniela”, kontatu dute gazte asanbladako kideek. Pentsatu eta egin. 2018ko otsailean ekin zieten klaseei. Hasieran 6-7 gazte ziren, baina gaur egun 15 pertsona daude taldean eta  “sortu den giroa oso polita da”, antolatzaileen esanetan.

Ekintza gehiago
“Herriko gazteak aktibatzea”. Hori da asanbladan ikasturte berrirako zehaztu duten helburua. Hainbat  egitasmo egingo dituzte horretarako.

“Orain arte egindako ekintzekin jarraituko dugu, kontzertuak kasu”, zehaztu dute, “hilabetean behin zinema egiten dugu gaztetxean eta neguko oporretan ere umeentzako hainbat jarduera antolatzen ditugu, eta jarraituko dugu”.

Hitzaldiak antolatzea ere aurreikusi dute, “gazteei eta gainontzeko herritarrei begira”. Horrez gain, gaztetxeko taberna zabalduko dute ostiral arratsaldeetan eta igande goizetan, “aurreko ikasturtean bezala”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide