"Gure alabari garraioa bermatzea baino ez dugu eskatzen, eskolara joan dadin"

Aitor Aspuru Saez 2019ko urr. 17a, 17:20

Arartekora jo du Eunate Astobiza Olabarriak bere alabaren kasua salatzeko. / Aiaraldea.eus

EUNATE ASTOBIZA OLABARRIA Arrankudiaga-Zolloko bizilaguna da eta sinadura bilketa abiatuko du Hezkuntza Sailak bere alabari eskolara joateko garraioa bermatu diezaion.

Nola hasi zen dena?

2017/2018 ikasturtean hasi behar zen Maixa Arrankudiagako Eskolan. Egokitzeko lehen hilabetea igaro ostean, autobusa etorri zen bere bila, ikastetxera eramateko.

Barikuan heldu zen hona garraioa, buelta eman zuen etxe aurrean eta zaintzailea jaitsi zen. "Egun on" esan gabe galdetu zigun ea errepideko bidegurutzean utzi ahal genuen umea. Guk erantzun genion ezetz, ibilbidean adostutako lekua etxea zela.

 

"Alaba bidegurutzean uzteko eskatu zigun gidariak, baina han ez dago argirik edo aterperik"

 

Izan ere, bidegurutzean ez dago argirik, ez aterperik ez ezer, pinuak besterik ez. Handik gutxira deitu zigun eskolako zuzendariak telefonoz, jakinarazteko gidariak kexa aurkeztuko zuela Hezkuntza Sailean. Garraiolariaren ustez, tokia arriskutsua zen gure etxea eta ez zen berriro igoko.

Argudiatzen zuen ezin zuela bueltarik egin, nahiz eta nik maniobra bakarrean egiten ikusi nuen.
Nire alabak 2 urte zituenez, linbo batean zegoen eta administrazioak ez zuen ikastetxera eramateko beharrik.

Zuzendariak iragarri zigun agian hurrengo urteari begira arazo bera izango genuela eta komenigarria zela guk ere gure kexa aurkeztea.

Zer egin zenuten orduan?

Urriaren 3an idazkia aurkeztu genuen. Guri ez zaigu arriskutsua iruditzen bidea, eta igotzen diren ibilgailuen argazkiak bildu genituen -kamioiak, autokarabanak...-, eta plano topografikoak ere prestatu genituen, azaltzeko nola egin daitekeen hemen maniobra.

 

"Kamioiak eta autokarabanak igotzen dira Basakoetxera"

 

Gainera, Itziar Duoandikoetxea garai horretako alkateak sinatutako idatzia ere jaso genuen. Bertan alkateak azaltzen zuen udal zerbitzu guztiak heltzen direla Basakoetxera eta ikasturte bukaeran ibilaldia egiten duela eskolak hemengo baselizaraino. Autobus bat igotzen da ume txikienak jasotzeko eta ez dago inolako arazorik.

Zein izan zen Hezkuntza Saileko erantzuna?

Hilabete baten ostean erdara hutsean jaso genuen erantzuna -guk euskaraz egin genuen eskaera-. Euren erantzunak argudiatzen du bidea ez dagoela ondo asfaltaturik, bihurguneak, aldapak, pinuak eta sastrakak daudela eta leku iluna eta bakartia dela.

Horri gehitu zioten arrisku sentsazioa zegoela. Testu osoan ez dago datu tekniko bat bera ere. Hezkuntza ordezkariak sinatu zuen, teknikari batek egin ordez. Denak dira iritzi subjektiboak.

 

"Ez dago txosten teknikorik probatzeko Basakoetxeko errepidea arriskutsua denik"

 

Gure susmoa da ez duela teknikari batek egin; ez du aipatzen ezta zenbateko luzera duen errepideak eta, adibidez, aipatzen du errepidea zementuzkoa dela. Edozein adituk daki hormigoiaren osagaia dela zementua, ura bezala. Esaterako, adierazten dute auzoa tranpa bat dela ibilgailuak buelta emateko.

Guk planoak aurkeztu genituen azaltzeko posiblea dela, lehenengo egunean gidariak egin baitzuen. Are gehiago, Basakoetxeko baselizan jaunartzeak egiten dira eta horrelakoren batean argazkiak egin dizkiot igo diren autobusei.



Zein izan zen ondorioa?

Sailak ebatzi zuen autobusa ez zela igo behar eta, gehienez, bidegurutzean geldituko zela. Hortaz, erantzun egin genion. Adibidez, nola izan daiteke bidea bakartia eta iluna izatea eta guri bertan umea uzteko eskatzea? Gainera, eskatu genien argudio teknikoak baliatzea, eta ez iritziak.

Zer egin zuen Hezkuntza Sailak?

Txostena euskaratu zuen, bidali zigun eta erantsi zuen ez zutela txosten gehiagorik egingo. Hori urtarrilean izan zen.

Orduan Arartekora jo zenuten, ezta?

Bai, aurkeztu genuen gure dokumentazioa eta Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri zen erakunde hori. Ziurtatu zuten 2018/2019 ikasturtean ibilgailua jarriko zutela, taxi bat, alegia. Gure alaba beste bi umerekin batera jasoko zuen horrek eskolara joateko. Arartekoak espedientea itxi zuen.

2018/2019 ikasturtean arazoa errepikatu zen, dena den.

Bai, taxia igo zen, Maixa jaso zuen eta ordubetera deitu zuten ikastetxetik. Gidariak esaten zuen arriskutsua zela eta ez zela berriro etorriko. Zehazki, eskatzen zigun haurra bidegurutzera jaisteko.

 

"Taxi gidariak ere eskatu zuen gure alaba bidegurutzean uzteko"

 

Guk erantzun genuen txostenaren arabera etxean jaso behar zutela, eta bidegurutzean uzteko, bazegoen autobusa. Ez dauka zentzurik bi garraio egotea zerbitzu bera emateko. Hala ere, taxia baliatu behar genuen, autobuseko ibilbidetik kendu zutelako gure geltokia.

Horren ostean, zerbitzuaren lehiaketa egin zutenean, hutsik geratu zen eta ez zen taxirik egon. Gero, beste gurasoek uko egin zioten aukera horri eta, ondorioz, ume bakarrentzat ez denez ematen garraio zerbitzua, eskubide hori galdu genuen.

Horrez gain, Arartekoak erabaki zuen Maixa bidegurutzean uzteko parada ematen zigutenez eta diru-laguntzak eskuratzeko eskaintza egingo zigutenez, gure arazoa konponduta zegoela. Gauzak horrela, abokatu batengana jo genuen eta idatziz eskatu genizkion Hezkuntza Sailari baliatutako datu teknikoak gure alabari autobusa ukatzeko. Abuztuan erantzun digute esateko ez dagoela txosten gehiagorik.

Zein da egoera gaur egun?

Goizetan etortzen da udal langile bat Maixa jaso eta eskolan uzteko. Udal beharginen lanaldia 15:00etan amaitzen denez, itzultzeko zerbitzurik ez dugu.

Guri ondo datorkigu udalak egiten duen ahalegina, baina hori Hezkuntza Sailaren eskumena da. Hezkuntza Sailak argudiatzen du guk uko egin diogula garraioari, baina ez da egia. Beste gurasoek egin dute hori.

 

"Hezkuntza Sailak ez duenez gure alaba garraiatzen, ez dugu jantoki beka jaso"

 

Hori gutxi balitz, Hezkuntza Sailak berak ez duenez garraiatzen gure alaba, ez digute jantoki kuota aitortu. Abenduan eskatu beharko dugu diru-laguntza. Ez dauka inolako zentzurik. Izan ere, Maixa eskolatik 4 kilometrora bizi da oraindik, berdin dio nork eramaten duen. Eurek ez badute garraiatzen, beste modu batean egin behar dugu.

Dena den, gure arazoa ez da ekonomikoa, garraio zerbitzua bermatua ez dugula baizik. Guk eskatzen dugu teknikari batek erakustea arriskutsua dela benetan errepidea, eta zergatik. Behin hori jakinda, konpondu dezakegu, neurriak hartuta.

Udaletxearekin ere aritu zarete?

Bai, konpromisoa hartu dute txosten teknikoa osatzeko. Izan ere, errepidea arriskutsua bada, ez da bakarrik autobusarentzat, baizik eta auzokide guztiontzat.

Guraso Elkartearekin ere elkarlanean gaude sinadura bilketa abiatzeko. Bakarrik bagoaz Hezkuntza Sailera, ez digute kasurik egingo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide