Ohiko eskema jarraituko dute Zolloko sanmartinek. Datorren ostiralean -azaroak 8- hasiko dira. 20:30ean izango da txupinazoa. Handik ordu erdira egingo dute herri afaria eta erromeria egongo da gero, Beranduegi taldearekin. Larunbatean egun osoko egitaraua egongo da herrian. Goizean umeentzako puzgarriak egongo dira frontoian. Ondoren, gazte bazkaria egingo dute. Arratsaldean aizkolariak egongo dira eta gauean, aldiz, kontzertuak.
Olatz Salvador kantagile gipuzkoarra izango da oholtzara igotzen lehena. Leihotikan punk-rock talde beteranoak joko du jarraian, eta Tximeleta erromeria arduratuko da giroa goizeko ordu txikietara arte luzatzeaz.
Autobus zerbitzua
Autobus zerbitzua egongo da egun horretan, Ugaoko tren geltokitik. 21:30etatik 23:30era ordu erdiro egongo dira autobusak. Itzultzeko, aldiz, 4:30etik 6:30ra egongo dira, ordu erdiro baita ere.
Igandea askoz lasaiagoa izango da. Ugaoko Sarea abesbatzaren kontzertua eta Roberto eta Idoia trikitilarien emanaldiak egongo dira. Astelehenean San Martin eguna ospatuko da eta 16an herri bazkaria egingo dute jaiei amaiera emateko, urtero bezala.