Gizarte Etxeak osasuntsu jarraitzen duela esan daiteke: 80 lagun inguru aritzen dira bertan boluntario gisa. Makina bat lan egiten dituzte proiektua mantentzeko: barra txanden antolaketa, sukaldari lanak, konponketak eta kultur jardueren prestaketa, besteak beste.
“Antolaketa batzuetan pertsona zehatz batzuk daude arduratzen direnak eta, beste batzuetan, kultur dinamiketan bereziki, batzorde batek antolatu eta bideratzen du dena”, azaldu dute Gizarte Etxeko kideek webgunean jarritako aurkezpenean, “aipatzekoa da batzorde zabala dela eta auzokide guztiok parte hartu ahal dugula antolaketa lanetan”.
