Antzinako usadioak protagonista izaten ari dira Arrankudiagako Gaztetxean

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 7a, 14:15

Arrankudiagako Txondor Gaztetxean usadio zaharrei lotutako bi ekimen abiatu dituzte. Alde batetik, ostiralean hitzaldia eskaini zuen Markel Iturrizarrek neguko jaiei buruz. Bestetik, ikatza ekoizten ari dira eraikitako txondorrean.

Txondor Gaztetxean usadio zaharrak hizpide izan dituzte egun hauetan. Alde batetik, Markel Iturrizar historialaria gonbidatu zuten neguko jaiei buruz hitz egiteko. Herriko gazteak argitu du ez zuela ekarpen berririk egin, eta, gehienbat, bestelako ikerlariek jorratutakoa azaldu zuen.

Horrela, Euskal Herriko antzinako ohiturei eta jaiei buruz mintzatu zen. Esaterako, asteko egunak, hilabeteak eta urtaroak nola antolatzen zituzten argitu zuen eta erromatarren zein kristautasunaren eragina ere landu zuen.

Gero, neguaren eta udaren arteko ezberdintasunetan sakondu zuen eta hotzarekin datozen ospakizunak aipatu zituen: gaubeltza edo arimen gaua, sanmartinak, eguenzuri, kanporamartxo edo aratusteak.

San Martin jaiaren jatorrian dagoen Martin Txikiren kondaira ere kontatu zuen Iturrizarrek -Basajauni zenbait jakintza lapurtu zion gizonezkoak-. Historialariak hori guztia auzolanarekin ere lotu zuen.

 

Ikatza

Horrez gain, Arrankudiagako Gazte Asanbladak txondorra eraiki zuen urte amaieran izen bereko gaztetxean. Gazteen ekarpenarekin batera, ezinbestekoa izan da nagusien lana, aspaldi ohikoa baitzen horrelako egiturak prestatzea ikatza lortzeko eta euren eskarmentua beharrezkoa izan da.

2019ko azken egunetan txondorra bera eraiki zuten eta ostiralean egurra sartu zuten, barruan deshidratatzeko eta ikatza lortzeko.

Horretarako txandak egiten ari dira. Izan ere, hainbat egunez egon behar da egurra ura galtzen beroaren ondorioz eta etengabe ziurtatu beharra dago txondorrak zulorik ez duela. Oxigenoa barrura sartuz gero, sua piztuko litzateke eta ezinezkoa izango litzateke egurra ikatza bilakatzea.

Dena ondo bidea, espero dute astebururako ikatza izatea eta auzolan txikia deitzea.

Argazkiak: Txomin Egiluz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide