Datorren otsailaren 16an Gerra Zibilean frankistek Valladoliden hil zituzten 2.650 pertsonen omenezko memorial bat inauguratuko da hiriko Carmeneko hilerrian. Haien artean dago Angel Egaña Mendibil gudari arrankudiagarra. Era berean, 2016 eta 2017 urteetan zehar hainbat hobi komunetatik berreskuratutako 245 gorpu lurperatuko dituzte ere.
Arrankudiagako gerran fusilatutako hiru gudarietako bat izan zen Egaña, Padura batailoiko kidea baitzen. 1938ko ekainaren 2an hil zuten Valladoliden. Beste biak Gregorio Urkixu eta Ramon Azkue izan ziren. Urkixu “separatista” izatea egotzita erail zuten Derioko hilerrian 1937ko abuztuaren 4an. Azkue, berriz, Santoñan exekutatu zuten 1937ko urriaren 15ean, Eusko Gudarosteen buruetako bat izatea egotzita. Herriko beste hainbat gudari ere hil ziren borrokan zeudela.