Igandean egin zuten Zolloko Batzarreko herri batzarra. Hainbat gai landu zituzten bertan. Batzorde bera berritu zuten lehenbizi.
Alkateak, zinegotziek eta auzoetako bizilagunek osatzen dute erakundea. Gauzak hala, aurreko legealdiko pertsona batzuk mantendu dituzte eta jende berria ere izendatu dute kide.
Ondorengo puntua onartu zuten jarraian: Zolloko Larrena elkartea ofizialki elkarte soziokultural bihurtzea. Gauzak hala, datozen hilabeteetan abiatuko dute hori egiteko prozesua.
Horrez gain, hainbat gairi buruzko informazioa eman zuten. Bide publikoen inbentarioa onartu eta buletin ofizialean agertu zela jakinarazi zuten.
Gainera, Arrankudiaga eta Zollo izena ofizial egiteko prozesua hasita dagoela iragarri zuten, “urteetako diskriminazio egoera” gainditzeko.
Bukatzeko, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea izan zuten hizpide, Zolloko lurretan egiten ari diren obrak udal dekretu baten ondorioz etenda daudelako.