Oxinburu etxearen egitasmoak urrats berriak eman ditu. Txutxi Ariznabarreta alkatearen hitzetan, larrialdi egoera dela eta, prozesu administratiboa eten zen, "lizitazioa barne". Alabaina, berriz jarri dute abian prozesua, eta gaur izango da enpresek proiektuak aurkezteko azken eguna.
"Esleipena etorriko da gero; enpresen proiektuak eta memoriak aztertzea, puntuatzea eta bat aukeratzea", azaldu du alkateak. Helegitea jartzeko tartea helduko da segidan, "baina espero dugu ez egotea".
Gauzak ondo bidean, ekainaren amaieran esleituko dute obra: "Irailean hasi nahiko genituzke obrak dena ondo joanez gero, abuztua tartean baitago". Hori izango da gure aurtengo inbertsiorik handiena, gobernuburuaren iritziz, "ia urte osoko aurrekontua da".
Irekiera dataz galdetuta, 2021eko udarako irekita egotea espero dute, erantsi duenez. Urte amaierarako, beraz, erabilera anitzeko aretoa izango luke Arrankudiagak, besteak beste.