Aisialdiko jardueretarako begiraleen lan poltsa sortzeko deialdia plazaratu du Arrankudiaga eta Zolloko Udalak. Tokiko erakundeko kideek azaldu dutenez, umeentzako ekintzak antolatzeko asmoa dute udan, “baldin eta, gaur egun, COVID-19ak sortutako pandemia egoera dela eta, osasun agintariek baimena ematen badute”.
Lanaldia ekainaren 30tik uztailaren 17ra luzatuko da. “Egunean lau ordu, astelehenetik ostiralera”.
Lan-poltsa arautzeko plazaratutako dekretuan adierazi dutenez, aurkezteko hainbat baldintza bete beharko dira: 18 eta 30 urte bitarteko adina izatea, euskalduna izatea eta langabezian egotea, besteak beste. Udalerrian erroldatutako begiraleek lehentasuna izango dute, eta ikasketa zein tituluak ere puntuatuko dira.
Interesdunek ekainaren 23ra arte izango dute izena emateko epea, udaletxean.