Krisi sozioekonomikoari aurre egiteko laguntzak eta aholkularitza eskainiko ditu Arrankudiaga-Zolloko Udalak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 28a, 09:49
Hobariak ezarri dituzte ibilgailuen zergan, besteak beste. / Aiaraldea.eus

Zergak epeka ordaintzeko aukera, hobariak eta bestelako neurriak jarri ditu indarrean tokiko erakundeak. 

Hainbat ekimen jarri ditu abian Arrankudiaga-Zolloko Udalak COVID-19 birusak sortutako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, “herritarrek pairatu ahal dituzten estutasun ekonomikoak arintze aldera”.

Alde batetik, aholkularitza legala eskainiko du tokiko erakundeak, “osasun alarmaren ondorioz ohiko etxebizitzaren hipoteka ordaintzeko edo ohiko etxebizitza alokatzeko zailtasun ekonomikoak dituzten herriko biztanleentzat”. 94 648 17 12 telefonora deitu beharko dute interesdunek, euren datuak emateko. Ondoren, aholkulari bat jarriko da eurekin harremanetan. 

Bestetik, zerga eta tasen arloan laguntzak emango ditu Udalak. Diru laguntzak emango dituzte zarama, saneamendua, estolderia eta ur horniduraren tasak ordaintzeko arazo ekonomikoak dituzten herritarrei. Tokiko erakundeak aukera emango du 1.500 eurotik gorako edozein zerga epeka ordaintzeko, “12 hilabetetan interes barik eta hortik aurrera interes legalarekin”. Gainera, % 2,5eko hobaria aplikatuko zaie ibilgailuen zergan ordainketa helbideratua dutenei.  

Obren tasetan ere hainbat hobari ezarri dituzte, "energia arloan, irisgarritasuna, fatxada eta estalpen birgaitze obretan". 

Horrez gain, Udalak jakinarazi du ez diela kuotarik kobratu tabernei alarma egoerak iraun duen bitartean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide