Bide publikoen inbentarioa argitaratu du Arrankudiaga eta Zolloko Udalak bere webgunean (www.arrankudiaga.org). 78 bide kontatu dituzte guztira: 30 bide nagusi edo errepide eta zolatu gabeko bigarren mailako beste 48 bide.
Modu horretan amaitu da duela bi urte abiatutako prozesua. 2018an hasi ziren bide publikoen inbentarioa osatzen. Udalak adierazi duenez, “bi arrazoi nagusik” bultzatuta ekin zioten bideari. Alde batetik, legeak hala agintzen duelako eta, bestetik, udala “behin eta berriro” dagoelako bide publikoen gaineko erabakiak hartzera behartuta, “baimen eta lizentzia eskaerak, auzotarren arteko liskarrak eta bestelakoak direla medio”. Gainera, aisialdi jarduerek ere bide publikoen erabilera “gero eta handiagoa” eskatzen dute, tokiko erakundearen arabera. “Kontu hauei guztiei erantzuterakoan, bide publikoen inbentariorik gabe, udalak ez zuen arau argirik oinarritzat hartzeko eta premiazkoa zen bide bakoitzaren estatusa argitzen duen behin betiko inbentarioa zehaztea”.
Sendo SL ingeniaritza-enpresa kontratatu zuten lana egiteko. Hala ere, auzokideen eta “interesa izan duten guztien” parte hartzeari garrantzia eman zaio, udalak ziurtatu duenez. “Era berean, prozedura administratibo guztiz bermatzailea erabili da: aurkezpen publikoak, kontsultak, alegazioak eta banan banango erantzunak eta abar”.
2019ko martxoaren 24an egin zuten inbentarioaren hasierako onarpena, eta iragan abenduaren 9ko plenoan onartu zuten behin betiko. “Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, indarrean dago”.