125 kilometro eta 5.500 metroko desnibela utzi dituzte atzean Goimazpe taldeko kideek. "Aiarako Bira Abentura" deitu diote erronkari. Laudio izan zuten irteera eta helmuga, eta Goikogane, Ganekogorta, Okondo, Beraskola, Artziniega, Soxo, Añes, Portillo Aro, Ponata, Kobata, Urduñako mendatea, Altube, Arlobi, Gorbeiagana, Pagomakurre, Bikotzgane eta Untzueta zeharkatu dituzte bi egunez.
Aitor Aretxaga izan da bidaideetako bat: "Oso esperientzia polita izan da. Dena primeran atera zaigu, ez dugu erorketarik ez inolako minik izan. Eguraldia ere bikaina izan zen, nahiz eta larunbatean beroa pasa". Ibilbide osoa Wikilocen jarri dute.
10 lagunek egin zuten ibilbide osoa, "baina beste batzuk erdia eta herena osatu dute". Ostiralean -uztailaren 17an- atera ziren 6:00etan, eta eguerdian iritsi ziren Artziniegara. Bertan bazkaldu zuten, eta Urduñaraino ailegatu ziren arratsa igarota. "Gorobel eta Ponata igarota, mendatean pasa genuen gaua. Lainotuta zegoen, baina zaku barruan ez genuen hotzik izan".
10 lagunek osatu dute "Aiarako Bira Abentura" zeharkaldi osoa. Wikilocen jarri dituzte zehaztasunak eskura
Biharamunean, 5:00etan ekin zioten bideari berriro, eta Altube inguruetatik Gorbeiarainoko txanpa osatu zuten: "100. kilometroa izan zen gainera".
Gorbeiatik jaitsiera lasai-lasai egin zuten, Aretxagaren hitzetan: "Ez dugu lasterketa gisa hartu erronka, abentura moduan baizik. Aurten koronabirusagatik bertan behera geratu dira proba gehienak, eta zerbait egiteko gogoa genuenez animatu egin ginen". Konfinamenduaren ostean larunbatero aritu dira ibilbidea neurtzen eta ezagutzen, nondik norako guztiak jakiteko. "Uste dugu ez duela inork egin orain arte", erantsi du.
Abenturara, ordea, kide ugari batu dira: "Laguntza handia izan genuen senide eta lagunen aldetik, horniketa antolatzeko eta abar. Urduñako eta Altubeko hamarretakoak ezkontza-banketeen modukoak izan ziren, oso ondo zaindu gintuzten".
Abenturako irudiak Facebooken dituzte ikusgai: