Udaz blai

Arrankudiagako gailur eta auzoetatik ibilaldia, hiru ordutan hamaika leku

Izar Mendiguren Cosgaya 2013ko abu. 30a, 12:57

Arrankudiagatik Pagobakarra, Goikogane, Mugarriluze, Kamaraka eta Basakoetxera txangoa proposatu du Urtzi Vergara mendizaleak.

Arrankudiaga-Zollok herri "txikia" izanagatik, oinez ibiltzeko itzuli laburrak zein handiak eskaintzen ditu. Ondo baino hobeto daki hori Urtzi Vergara Belaustegigoitiak. 3 ordu eta 10 minutuan gauzatzeko ibilaldia proposatu du, Arrankudiagatik Pagobakarra, Goikogane, Mugarriluze, Kamaraka eta Basakoetxe lotzen dituena. 

Udaletxetik Pagobakarrara

Arene baserritik abiatu ohi du ibilbidea Vergara Belaustegigoitiak. Hori bai, kantinplora ondo beteta, "Basakoetxeraino heldu arte ez dago iturririk eta". Arrankudiagako udaletxearen atzetik egin behar da gora, "pista jarraituta Pagobakarrara helduko gara". Hala ere, Otxanduriko goiko partetik ere badago modua ailegatzeko toki berera. Pagobakarra igotakoan, aurrera -gora- doan bidea hartu behar da. Hala, Ermualdera (Laudio) iristen da bidaidea. Dena den, Pagobakarra inguruan une batean bukatu egiten da pista, eta bidezidor estu bat bilakatzen da bidea. Hemendik gora izugarrizko bistak daude: Areta, Arakaldo, Laudio...".

"Bortaletik" -horrela deitzen diote inguruari Arrankudiaga aldean- Goikoganeko tontorra ikusten da. "Pista estau da baina pixkanaka-pixkanaka edozein lekutik igo daiteke", zehaztu du.

Goikoganetik Kamarakara
 
Goikoganetik Mugarriluze eta Kamarakara joatea oso ohikoa da jendearentzat. Untzueta, Gorbeia eta eguraldi ona badago, Bizkaiko kostaldea ere begista daiteke handik: "Inguruko herriak ikusi ditzakegu, egun ona izanda izugarrizko argazkiak egingo ditugu. Bidea oso ondo markatuta dago, "Burdin Hesiko kideak" lan ederra egin dute". Mugarriluzeko aldapa laburra baina "potentea" da, Vergararen iritziz, "tontorrera heltzean aurrera egingo dugu Kamaraka mendiraino".
 
Basakoetxe, atsedenleku aparta
 
Ibilaldia luzatu nahi duenak Kamarakatik Ganekogortara jo dezake. Alabaina, Kamarakatik Ganekogortarantzako norabide aharuta, "aldapa behera egin eta gero, bidegurutze bat aurkituko dugu, eta gezian Basakoetxe jartzen duen kartel bat". Malda behera, jaitsiera luzetxoa da: "Aldapa behera bukatzean bidegurutze bat aurkituko dugu. Eskuinera hartuta Arrankudiagara helduko gara, baina guk aurrera egingo dugu Basakoetxeraino". Bost minuturen bueltan Basakoetxeko ermitan hartuko du atseden mendizaleak.  Hamaiketakoa egiteko leku paregabetzat du Vergara Belaustegigoitiak Basakoetxe. Gainera, ur freskoa dago.
 
Auzoetatik itzulera
 
"Basakoetxe ermitatik behera dagoen pista jaitsita Basakoetxe auzora iristen da, eta bidegurutzean eskuinera joanez gero, mendi pista desagertu eta asfalto bidea topatuko dugu. Jaitsierak ez du arazorik, dena da zuzen, eta Larunbe erreka ondotik doa bidea. Modu horretan, Ormetxe auzoa pasatu eta zubi txiki batetik igaroko gara, eta bideari segika Bidekurtxe auzora ere". Etxeak atzean utzita, Zabale auzoa izango da hurrengo geltokia, eta bidegurutzean ezkerrera jota Garondora heldu daiteke. Azkenik, Arrankudiagako plaza bisitatzea aholkatzen du: "Bertan herriko Tabernetan pote batzuk hartzeko aukera izango dugu, bai plazako tabernetan edota Iberlanda Tabernan".
 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide