Lanketa handia egin dute Arrankudiaga eta Zollon azken urteetan memoria historikoaren berreskurapenari begira. Txomin Egiluz eta Markel Iturrizar bizilagunek hainbat ikerketa, hitzaldi eta ekimen egin dituzte udalerrian Guda zibilean gertatutakoa argitara ekartzeko. Zonaldean Kondor Legioak jaurtitako bonben nondik norakoak ikertu dituzte, besteak beste. Horrez gain, gerraren aztarnak bilatu eta berreskuratu dituzte.
Burdin Hesitik txangoa
Gauzak hala, ibilbide politak egin daitezke udalerrian barrena, Guda Zibilaren arrastoak ezagutzeko. 2018. urtean indusketak egin ziren eta metrailadore-hobi bat berreskuratu zuten.
Ondoren, hainbat seinale jarri zituen udalak, Gogora institutuaren diru-laguntza baliatuta. Arrankudiagako plazan dago lehen kartela, Garondora joateko bidea erakusten duena.
Ikurrak jarraituz gero, ibilbide polita osatu daiteke historia hurbilean barrena. Zabaletik, Albitzarriko metrailadore hobitik, Altzagatik, Madalenatik eta Mugarriluzetik igarotzen da bidea. “Albitzarrin badaude beste bi metrailadore hobi, apur bat ezkutatuta”, azaldu du Egiluzek, “Altzagako aldapa igo bezain laster beste bat topatu daiteke”.
Madalenako zonaldea ere jarri du balioan historiazaleak. “Gaur egun aterpe bat dago bertan, baina XVIII. mendean eraitsitako ermita baten arrastoak ere ikus daitezke. Handik 300 metrora Guda Zibileko beste metrailadore- hobi bat topatu daiteke. Bertatik aukera dago Goikoganera igo eta Kastillozarreraino jarraitzeko, Burdin Hesiaren Laudioko zatitik”.
Zolloko bidea
Zollon ere beste bide polit bat dagoela gehitu du Egiluzek. “Zolloko udaletxetik errepidea jarraituta, Mengorio auzora joan behar da. Bertatik Ollargan aldera jo behar da gero. Hiru koba daude, gerrako materiala gordetzeko baliatzen zirenak. Bi metrailadore-hobi ere ikusi daitezke bidean. Gotorleku bat ere ikus daiteke, oso egoera onean ez dagoen arren”.
Historiazaleak argitu duenez, ez da kasualitatea Zollon horrenbeste aztarna topatzea. “Zolloko urtegia babestera bideratuak zeuden, Bilbon denbora luzez setiatzen bazuten ur-hornikuntza bermatu ahal izateko”.