LAN-POLTSAK

Langabeentzako hiru lan-poltsa sortu ditu Arrankudiaga-Zolloko Udalak, "etengabe irekita egongo direnak"

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 18a, 12:00
Hainbat lan egiteko kontratatu nahi dituzte herritarrak. / Aiaraldea.eus

Hiru baldintza bete behar dira izena emateko: Arrankudiaga eta Zollon erroldatuta urtebete gutxienez eramatea, udalerrian bizitzea eta langabezian egotea. 

Lan-poltsak sortu ditu Arrankudiaga eta Zolloko Udalak, udalerriko langabeei bideratuta. Tokiko erakundeak azaldu du hainbat aldiz baliatu dituztela mota horretako tresnak, "aldi baterako lan-irteera" emateko langabezian dauden eta lana lortzeko zailtasunak dituzten bizilagunei. 

Orain sortu dituzten poltsak, ordea, "etengabe" egongo dira irekita. Modu horretan, bi gauza lortu nahi ditu tokiko erakundeak: pertsonak kontratatzeko irizpideak errespetatzea eta, bestetik, kontratazioak "ahalik eta arinen" egin ahal izatea. 

Argitu dutenez, "premia puntualen arabera" egingo dituzte kontratazioak, udalaren zerbitzura dauden langileek egin ezin dituzten zereginak gauzatzeko. 

Honako baldintza hauek bete beharko dira lan-poltsetan izena emateko: Arrankudiaga-Zollon erroldatuta urtebete eramatea gutxienez, udalerrian bizitzea eta langabezian egotea. 

Hiru lan-poltsa

Interesdunek udal bulegoetara joan beharko dute izena emateko. Udalak nabarmendu duenez, ez da horretarako eperik egongo, poltsak "beti" egongo direlako irekita, "baldintzak betetzen dituen edonork izena eman, baja eman edo eskaera aldatu ahal izateko".  

Hiru lan-poltsa egongo dira guztira: eraikinen garbiketarena, kale garbiketarena eta kanpoko lanena. Hala ere, pertsona bakoitzak bi poltsetan eman ahalko du izena gehienez. 

Hemen ikusi daitezke oinarri guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide