Agerraldia egin zuten atzo Arrankudiagako udaletxean Txutxi Ariznabarreta alkateak eta Iberdrolako ordezkariek. Udalbatza aretoan egin zuten hitzarmena sinatzeko ekitaldia. Hain zuzen, urrian ekingo dio Iberdrolak auto elektrikoak kargatzeko gunearen instalazioari. Hilabeteren buruan espero dute egotea lanak amaituta.
Xarmanta jatetxearen aldameneko aparkalekuetan kokatuko dute energia puntua. Txutxi Ariznabarreta alkateak tokiaren garrantzia azpimarratu du: "Atsegina eta garbia da inguru hori. Gainera, kargatzeko tokiaren aldamenean parkinga, taberna eta haur parkea daude, besteak beste": Gainera, autopista gertu egonik, erabilgarritasuna handitu liteke. Izan ere, "Recarga Publica APP" programan erroldatutako erabiltzaileek bertan gehitu ahalko diote energia euren ibilgailuei.
David Martinez Fernandez eta Juanjo Iglesias Varela ere egon ziren atzoko prentsaurrekoan, Iberdrolaren komertziala eta Administrazio Publikoko arduraduna, hurrenez hurren. Enpresako ordezkariek udalaren eta idazkarien prestutasuna eskertu zuten. Horrez gain, gunearen ezaugarriak azaldu zituzten.
Bi auto kargatzeko gunea
Bi ibilgailu kargatu ahalko dira une berean, Iberdrolako ordezkarien hitzetan. "Bi aparkaleku okupatuko ditu instalazioak. Nerbioi bailaran mota honetako lehen puntua izango da", erantsi zuen Martinez Fernandezek. Obra Iberdrolak hartuko du bere gain, baita zerbitzu gastuak ere. Txutxi Ariznabarretaren hitzetan, lur okupazio tasa ordaindu beharko dute.
"Arrankudiaga-Zollo mapan kokatuko du egitasmoak", nabarmendu zuen Iglesias Varelak. Obren epeei buruz galdetuta, baimenak dagoeneko eskura dituztela aurreratu zuen administrazio publikoko arduradunak: "Barne dokumentazio lanetan gaude orain, espero dugu hilabete baten buruan lanak hasi eta bukatzea. Berez, 3-4 eguneko obra da". Horren ostean, baina, industria ikuskapenak gainditu beharko dituzte. Hargatik, arduradunek jakinarazi dute hilabete bat edo bi beharko dituztela martxan jartzeko.
"Auto elektrikoak, etorkizuna"
Oraingoz, ez da oso ohikoa auto elektrikoen garraioa. Dena den, 10 urteren buruan nabarmen haziko da ibilgailu hibrido edo elektrikoen salmenta. Horiek dira, behintzat, Iberdroralaren aurreikuspenak: "Auto elektrikoak dira etorkizuna. Iberdrolatik energia eta ingurumenaren alde barne mugak hautsi nahi ditugu, eta horretan lagundu".
Bestalde, udaletik "energiaren eraginkortasuna eta jasangarritasun plana egiteko asmoa" aurreratu zuen Txutxi Ariznabarreta alkateak.