Auto abandonatuak eremu publikotik kentzeko, ibilgailuak hiri hondakin izendatzen hasi da udala

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 2a, 12:01

Zollon abandonaturik dagoen ibilgailua margotzen hasi dira. / Aitana Izagirre

Arrankudiaga-Zolloko Udalak hiri hondakintzat joko ditu jendeak espazio publikoan lagatzen dituen autoak eta, jadanik, Bakiolan dagoen ibilgailu batekin abiatu du prozesua. Laster Zollon dagoen beste bat kentzera joango dira. 

Atzo Arrankudiaga-Zolloko Udalak adostu zuen hiri hondakin izendatzea Bakiolan abandonaturik dagoen auto bat. Tokiko erakundeak prozedura hori baliatuko du hemendik aurrera jendeak kalean lagatzen dituen ibilgailuekin.

"Bakiolako kasuan, auzokideek hainbat aldiz salatu dute Dian 6 markako auto zahar bat dagoela kalean aspaldi. Autoa erdoildu da eta dena zikintzen du. Ibilgailuaren jabeak argudiatzen du toki hori pribatua dela eta ez duela kenduko. Lekuaren jabegoa oso lan nekeza eta luzea denez, hiri hondakintzat joko dugu autoa, behingoz kentzeko" azaldu zuen Txutxi Ariznabarreta alkateak.

Zollon ere arazoa

Zollon antzeko egoera dauka udalak aurrean. Izan ere, udan auto bati zepoa jarri zion Ertzaintzak eta geroztik han dago. "Ertzaintzari eskatu diogu bere depositora eramatea eta poliziak esan digu ezin duela egin, autoak ez baitu ITVrik. Jabearekin ere harremanetan jarri gara, tokitik kentzeko, baina argudiatu du Ertzaintzak ez diola zepoa kendu nahi" argitu zuen alkateak.

Gauzak horrela, udalak adierazi du nazkatu dela batzuekin eta besteekin hitz egiteaz eta laster auto hori ere izendatuko dute hiri hondakina. Prozesua ez da erraza ezta motza ere, baina inplikatuen artean inork erantzukizunik hartzen ez duela ikusita, tokiko erakundeak aipatutako bidea jarraituko du.

Txutxi Ariznabarretak erantsi zuen udalak ezin duela bere bitartekoekin auto horiek bere gain hartu: "Ez dugu horrelako hondakinak uzteko tokirik". Halaber, iradoki zuen lan garestia izan daitekeela: "Guk garabia kontratatuko dugu autoa kentzeko, eta gero prozesua abiatuko dugu jabeak ordaindu ditzan kostuak, baina ikusiko dugu egiten duen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide