Hasi da Oxinburuko obra, Arrankudiagak erabilera anitzeko eraikina izateko

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 1a, 11:11
Aurreko astean hasi ziren Oxinburu eraikitzeko lanak. / Arrankudiaga-Zolloko Udala

Urte amaierarako bukatuta egongo da Oxinburu eraikina. Auzokideei obrak eragingo dituen eragozpenen aurrean "pazientzia eta kolaborazioa" eskatu die Udalak ohar bidez.

Oxinburu proiektua errealitate bihurtzear da. Gizarte eta kultura erabilerarako azpiegitura berria izango du urte amaierarako Arrankudiaga-Zollok. Jarduerak antolatzeko eraikina izango dute herritarrek aurrerantzean, "eta egungo eskaitnza soziokulturala handitzea ahalbidetuko du". Hala jakinarazi du tokiko erakundeak, ohar bidez. "Gaur egun kultur eta gizarte jarduerak alokatutako lokaletan, eskolako geletan, udaletxeko biltegian edo kirol instalazioetan zein esparru irekietan egiten dira. Eraikin berriak ekimen horien zati bat hartu ahalko du, baita eskaintza soziokulturala handitu ere".

Eraikinaren distribuzioa

Solairu ezberdinetan ondorengo eremu eta espazioak egokituko ditu Udalak, Txutxi Ariznabarreta alkateak azaldu duenez. Batetik, ikasgela, liburutegi edo ordenagailu gela egong oda. Bestetik, tailer edo jarduera fisikotarako gunea. Halaber, sukaldea ere ipiniko dute. "Auditorioak kontzertu, antzerki, hitzaldi eta abarretarako eszenatokia izango du. Beheko solairuan, bestalde, hirugarren adinekoen parte hartzea sustatzeko eta belaunaldien arteko harremanak errazteko gune bat egongo da". Zentzu horretan, herriko elkarte eta taldeen jarduerak sustatzeko eremu izatea nahi dute.

Obraren aurrekontua 1.317.981,80 eurokoa da, eta 2021ean hasi eta amaitzea aurreikusi dute. Udalak bi diru-laguntza eskuratu ditu egitasmoa gauzatzeko

Finantzaketa zabala

Obraren aurrekontua 1.317.981,80 eurokoa da. Finantzaketaren zati handiena Udalak hartuko du bere gain, mailegua eskatuta. Lanak Artzamendi S.A enpresak gauzatuko ditu, eta 2021ean hasi eta amaitzea aurreikusi dute.

Bi diru-laguntza eskuratu ditu Arrankudiaga-Zolloko Udalak horretarako. Batetik, eraikinak ur beroa izateko instalazio geotermikoa izateko 200.000€ eskuratu dituzte Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko LEADER programari esker, Europar Politiketako Zuzendaritzak ere babestua. Bestetik, energia berriztagarriei esker, Bizkaiko Foru Aldundiak 61.102,58€ bideratuko ditu Oxinburura, klima aldaketaren arloko jardueretarako diru-laguntzen deialdiaren barruan. 

Auzokideei deia

"Obrak eragingo dituen eragozpenen aurrean pazientzia eta kolaborazioa eskatzen dizuegu auzotar guztioi", azpimarratu du Udalak. Oharra helarazi diete lanek eragingo dituzten moldaketekin. Zehazki, ondorengoak dira eskakizunak:

  • Ibilgailuak Oxinburu inguruan ez aparkatzea, osasun zentro, denda eta garajeetako bidea ez oztopatzeko eta ibilgailuen maniobrak errazteko
  • Elexaldeko zirkulazio moldaketak errespetatzea
  • Aldi baterako desagertuko diren aparkalekuak kontuan hartzea

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide