"Arrankudiaga eta Zollo" udalerri izen bilakatzeko prozesua eten dute Batzar Nagusiek

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 12a, 07:00

Udalerriaren izena aldatzeko prozesua etenda dago uneotan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek izen zehatzagoa eta Euskaltzaindiaren irizpideak lehenestea eskatu diote bi herrietako udalari. Eskakizunak, baina, Eusko Ikaskuntza eta Diputazioaren babesa dauka.

Iazko otsailean proposatu zuen Zolloko Batzarrak udalerriaren izena berritzea. Zehazki, "Arrankudiaga eta Zollo" deitzea da nahi dutena, eta hala adierazi zioten tokiko erakundeari zein Bizkaiko Foru Aldundiari.

Txutxi Ariznabarreta alkateak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez, "azken pausoan dago uneotan prozesua. Izen eskaeraren argipena eskatu digute". 

Udalbatzaren oniritzia jaso zuen zollotarren eskakizunak, eta Eusko Ikaskuntzaren txostenaren onarpena ere bai. Alabaina, Euskaltzaindiak gidoia erabiltzea lehenesten du Euskal Herriko udalerrien izen elkarketetan, Markiña-Xemein bezala.

Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jasota, Batzar Nagusietan bozkatu behar zen udalerriaren izen moldaketa. "Onarpenerako edo bozketarako azken egunean, dagokion batzordeak atzera bota zuen. Izen zehatza eskatu digute, baina Euskaltzaindiaren irizpideak kontuan hartuta", zehaztu du gobernuburuak.

"Arrankudiaga-Zollo da aukera bat, baina Zolloko batzarrean jendeak 'eta' jartzea erabaki zuen,  bi herriak bereizi baina udal bakarra mantentzea", erantsi du.  Ondorioz, Zolloko Batzarrean berriro egin beharko dute kontrastea. Horrenbestez, "airean dago oraindik erabakia". 

Tramitazioa iazko otsailean hasi zen, "baina hilabeteak igaro ditu Diputazioan geldi". Zolloko Batzarrak egin zuen lehenbiziko eskaera, herriko batzarrak hala adierazita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide