Herri arteko dantza ikastaroa antolatu du AIKO dantza, musikari eta maisu elkarteak. Uztailaren 2an hasi eta hilaren 16ra arte luzatuko da ikastaroa, eta egun bakoitzean herri bateko plaza hartuko dute. Zeberio, Zaratamo eta, azkenik, Arrankudiaga-Zollo izango dira hiru udalerri horiek.
Ikastaro bakarra izango da, hiru egunetan zehar banatua, uztaileko lehenengo hiru ostiraletan hain zuzen, 19:00etatik 20:30etara. Izen ematea doakoa izango da eta Internet bidez bete daiteke inskripzio orria.
Euskal musika eta dantza tradizionala zabaldu eta gizarteratzeko bokazioa duen elkartea da AIKO, eta dantzari zein musikari ugarik osatzen dute eskola. Dantzatzen ikasteko metodo propioa ere garatu dute: Aiko metodoa. "Musikaren eta mugimenduaren arteko harremana osotasun gisa ulertuz, modu progresibo, natural eta ergonomikoan irakasten dugu. Kontua ez baita dantza-urrats batzuk buruz ikastea, dantzatzen duguna ulertzea baizik. Kontua ez da dantzak ikastea, dantzan ikastea baizik", azaldu dute elkarteko kideek.