Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Dantza bertikala probatu nuen momentutik izan nuen argi bide horretan jarraitu nahi nuela”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 2a, 07:00

Dantza bertikala egiten du Janire Etxabe arrankudiagarrak. / Dimegaz elkartea

JANIRE ETXABE (Arrankudiaga, 1979) duela bost urte sartu zen dantza bertikalaren munduan, Harria Herria filma grabatzeko. Hainbat sari jaso ditu ikus-entzunezko horrek nazioarteko jaialdietan, eta gaur (ostirala) estreinatuko dute zuzeneko ikuskizuna, dantza formazio berriarekin eta Oreka TX taldearekin, Bilboko Kalealdian.

Duela bost urte sartu zinen dantza bertikalaren munduan buru-belarri. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Urtero jartzen dizkiot nire buruari erronka fisiko potoloak: maratoi erdia egitea, sei milako bat igotzea… 2016-2017. urteen artean, San Fauston eskalatzen geundela, lagunek galdetu zidaten ea zein zen urte hartan nire buruari jarriko nion erronka. Triatloi bat egitea nuen buruan, baina lagun guztiek proposatu zidaten gauza bera: dantza bertikalean buru-belarri sartzea. Denek ikusten zuten eskalatzean eta sokatik eskegitzean nuen zoriontasun aurpegia.

Banuen horri heltzeko asmoa, baina beti gutxietsi izan dut nire burua apur bat, ez nintzelako gai ikusten horrelako gauza bat aurrera ateratzeko, eta ez nuelako uste hori egiteko laguntza jaso edo dirua atera ahalko nukeenik. Baina adiskideek esan zidaten gai horretan murgildu eta triatloi, maratoi eta abarrak ahazteko.

Arte Ederrak ikasi nituen, eta eginak nituen performance batzuk Imanol Marrodan artistarekin, naturguneetan zintzilikatuta. Guzti hori borobiltzeko, nire pasioak zeintzuk diren helarazi nahi nion jendeari: harria eta soka. Horretan ematen dut denbora gehiena: dantzatzen edo eskalatzen.

Orduan, eskaladaren bidez iritsi zinen dantza bertikalera. Ez zenuen dantza formaziorik?

Ez, erabat autodidakta izan naiz. Ni eskalatzera joaten nintzen, nire mutil-laguna zenarekin. Soka oso toki zailetan jartzen zidan, eta ezin nuen bertan eskalatu. Nola pasatzen nuen orduan ondo? Ba saltoak eginez, dantzatzen… Nik formazioa dantza flamenkoan daukat. Urte asko igaro nituen Andoni Aresti dantza eskolan. Dantza bertikalean hasi nintzenean flamenkoa baliatu nahi nuen. Zapatakadak sartzen hasi nintzen, baina ikusi nuen ez zetorrela bat nire nortasunarekin.

Horregatik erabaki nuen estiloa aldatu eta bide autodidakta jarraitzea. Dani Tomasekin, Juan Leibarekin, Ludovica Zoerekin edota Magalie Lanriotekin aritu naiz. Uztailean astebeteko formazio bat egingo dut, eta asteburu batekoa, aldiz, abuztuan; biak ala biak kanpoan.

Helburu zehatz batekin ekin zenion dantza bertikala praktikatzeari: ikus-entzunezkoak ekoiztea.

Bai, nire fokua hor zegoen bakarrik. Ni horretatik nator, Arte Ederretatik eta performance mundutik. Aspalditik neukan Bilboko Mendi Film jaialdian pelikula bat aurkezteko asmoa. Bertara joateko ohitura nuen, eta ikusten nuen proiektatzen ziren lanak beti zirela munduko alpinista edo eskalatzaile onenei buruzkoak. Beti botatzen nituen faltan pertsona arrunton amets eta proiektuak hizpide zituzten lanak. Zergatik ez kontatu jendeari zer gustatzen zaidan,  zeintzuk diren nire amets eta pasioak eta nola adierazten ditudan? Horregatik sartu nintzen buru-belarri Harria Herria filmaren grabaketan.

“Musika erabat lotuta dago planteatzen dugun gaira, are gehiago Oreka TXrekin batera aritzen garenean”

2019an, aldiz, jendaurreko emanaldiak eskaintzera pasa zinen, taldea osatuta. Salto handia izango zen.

Bai, itzela. Film laburra egitea hiru urteko lana izan da, lan oso gogorra. Baina zuzenekora salto egitea erabaki genuen. Oreka TXko txalapartariekin osatu genuen pelikula, eta aukera genuen eurekin eginikoa  zuzenekora eramateko.

Erronka itzela izan zen, ez delako berdina 7-8 minutuko dantza bat egitea grabaketa baterako edo emanaldi oso bat prestatzea. 70 minutuko zuzenekoa prestatzen ari gara orain Oreka TXkoekin, eta orotara 40 minutu inguru pasatzen ditugu dantzatzen. Imajinatu zenbateko esfortzua dakarren fisikoki zintzilikatuta entrenatzeak horrenbeste denbora igarotzeko eta, horrez gain, dantzatzea. Dantzari batzuk dantza klasiko eta garaikidetik datoz, eta hori lagungarria da. Baina ni beste diziplina batetik nator, dantza flamenkotik. Horregatik, lan bikoitza da nire kasuan.
 
Baina orain osatu duzuen taldean elkar osatzen zarete, ez?

Bai. Oso aberasgarria izaten ari da. Sara Mohino eta biok ikus-entzunezkoen mundutik gatoz. Alejandra Perezek pilatesa eta dantza garaikidea jorratu ditu. Del Perera, aldiz, dantza klasiko eta garaikidetik dator. Bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu taldean eta oso gauza interesgarriak ateratzen dira.

Hiru urte behar izan dituzue Harria Herria film laburra egiteko. Zergatik luzatu ziren grabaketak horrenbeste?

Zirriborroa idatzi nuen lehenbizi, zer adierazi nahi nuen zehazteko. Lekua topatzea izan zen bigarren pausoa. Jabi Atutxak (Dimako lagun bat) lagundu ninduen horretan. Pareta probatu, dantzariak topatu, diru-laguntzak bilatu… 

Finantzazioaren aldetik zorte handia izan nuen, jo nuen lehen atea Gautegiz Arteagako Udalarena izan zelako. Alkateak berehala eman zion baiezkoa proiektuari, eta bertako harrobian entseatzeko baimena eman zidan. Bere eskutik joan nintzen FMK Filmak ekoiztetxera. Asko gustatu zitzaien  proiektua eta ekoiztetxeko Oier Plazarekin hasi nintzen lanean.

Diru-laguntzak lortzeari ekin nion orduan. Erakunde pribatuetara jo nuen, baina Bizkaiko Foru Aldundian jarri nuen fokua batez ere. Laguntza asko jaso nuen jotako ate guztietatik.

Zer kontatzen du pelikulak?

Filmaren hasierako helburua oso ezberdina zen. Sortzen gindoazen heinean, eta Oierren aholkuari jarraiki, pixka bat aldatzen joan zen proiektua. Nire hasierako asmoa zen emakumeak erakustea dantzatzen eta eskalatzen. Baina jakin izan genuen harrobia zabortegia izan zela bere garaian, eta zonaldeko eskalatzaile guztien artean garbiketa atondu  zutela zonaldean. Emakumeek toki horretan izandako presentzia aldarrikatu nahi nuen, emakumeek harriarekin erlazionatzeko ditugun modu ezberdinak erakutsiz. Harri zulatzaileak ere sartu nahi nituen, baina ekonomikoki ez zen bideragarria. Funtsean, kontatu nahi nuen nola ematen zaion berriz bizitza, artearen bidez, gizakiak suntsitutako gune bati.

Dantzatik baino, badirudi performancetik gertuago dagoela proiektu hori.

Batzuek esan dute bideoklip baten antza duela. Beste batzuei, aldiz, arte-adierazpen bat iruditu zaie. Nik ez dut klasifikatzen. Nire sentimendu bat da, emakumea harriarekin nola erlazionatzen den  erakusteko helburuarekin. Egiten ditudan ekimenak esku-hartze artistikoak dira niretzat.

Badituzu ikus-entzunezko gehiago labean.

Bai. Horietako bat da Haize lerroa ikus-entzunezkoa. Imanol Marrodanen artelan batean oinarritua dago. Begiradarekin eginiko aire lerro bat da bere lana, Urkiolako bailaran suertatzen dena. Anboto liburuan dago erregistratuta.

2017ko Errege Egunean Anbotora  igo nintzen lagun batekin, goizeko lauretan, lo egin ezinik genbiltzalako. Egunsentian iritsi ginen tontorrera eta liburu bat topatu genuen lur-azpian, tamaina handikoa. Anboto liburua zen. Imanolek aurreko gauean lurperatu zuen, tontorrera iristen zen lehengo pertsonak opari moduan jaso zezan. Niri horrelako gauzak asko gustatzen zaizkit, oso performance-zalea naizelako. Argitaletxearen bidez jarri nintzen berarekin kontaktuan, eta horrela hasi ginen elkarrekin lan egiten.

Ni askotan igotzen naiz Anbotora, eta denbora asko igarotzen dut espazioen kontenplazioan. Gizakiak paisaia aldatzen du bere aztarnarekin, baina gai da baita ere bere emozioekin, bizipenekin, kontenplazio hutsarekin ingurua eraldatzeko. Mendira igotzean bizi duzunaren  eta duzun ikuspuntuaren arabera, zure begirada bata edo bestea izango da.

Imanolentzako opari bat da ikus-entzunezkoa, oso lagun onak bilakatu baitira bera eta bere familia. Euskal mitologia ere asko gustatzen zait, eta Anboton Mariren istorioa dago.

Horregatik, proiektuan murgildu nintzen, dantza bertikalarekin ere. Baina pila bat kostatzen ari zaigu aurrera ateratzea. Pare bat grabaketa egun izan ditugu. Nik guztira lau egitea nuen buruan, baina gehiago izan beharko dira.  Dirua izaten ari da oztopo handiena. Proiektuak bi diru-laguntza jaso ditu dagoeneko, horietako bat Bizkaiko Foru Aldundiarena. Hala ere, ez gara gastuak estaltzera heltzen. Azken hilabeteak eman ditut diru-laguntzen bilaketan.

Hori da dudan proiektuetako bat. Beste bat osatzen ari naiz Aitor Etxebarria musikari gernikarrarekin eta bi dantzarirekin batera. Lanean hasi gara dagoeneko. Momentuz ezin ditut euren izenak esan, baina asko miresten dudan euskal dantzari bat dago tartean. Berarekin lan egitea sekulako esperientzia izango da niretzat.

Urrian grabatuko dugu ikus-entzunezko hori. Datak eta entseguak zehaztuta daude dagoeneko. Oso laburra izango da.
 
Zuzendari ardurak dituzu proiektu horietan edo dantzatzera mugatzen zara?

Gainetik kendu nahi dudan ardura bat da zuzendariarena. Harria Herria proiektuan oso gogorra suertatu zitzaidan dena uztartzea: zuzendari lanak, produkzioa, dantza… Oier eta bion artean koordinatu genuen dena. Aurrerantzean gustatuko litzaidake ikus-entzunezkoaren zuzendaritzaren lana taldeka egitea, oso gogorra suertatzen zaidalako ardura hori nik bakarrik betetzea. Baditut pertsona batzuk buruan horretarako, ea animatzen diren.

 2019 amaieran ekin zenioten zuzeneko emanaldiak prestatzeari, eta 2020an iritsi zen koronabirusaren pandemia. Zer nolako eragina izan du zuen jardunean?

Lehenengo emanaldia Menorcan egin genuen, Oreka TXrkin batera. Beste dantzari batzuekin nengoen orduan, eta banaketa bat egon zen. Krisi une gogorra izan zen hori niretzako, eta zuzenekoa albo batera uztea erabaki nuen, ikus-entzunezkoen esparruan zentratzeko. Baina hilabeteak aurrera joan ahala geroz eta gehiago botatzen nuen faltan entseatzea, sortzea edota partekatzea. Horrez gain, deiak jasotzen nituen, proiektuari  berriz heltzeko  eskatzen zidan jendearenak, eta zuzeneko proiektura itzultzea erabaki nuen azkenean. Alejandra ezagutzen nuen,  elkarrekin egonak ginelako Haize lerroa filma laburraren grabaketan, eta berari proposatu nion proiektura batzea.

Bion artean heldu genion berriz ikuskizuna prestatzeari, 2020ko Gabonetan.

Hilabete biziak izan dira aurtengoak, beraz.

Oso. Atsedenik hartu gabe aritu gara, eta oso nekatuta amaitu dugu fisikoki zein psikologikoki. Hiru emanaldi ditugu lotuta. Baina gero, beste aldetik, Oreka TXko Harkaitzek beste proiektu batera batzeko gonbita luzatu zidan, Dendu izenekoa. Elkarrekin ari gara kudeatzen egitasmo horren zuzendaritza artistikoa. Dantza bertikal teknika ezberdinak sartu nahi genituen bertan. Probak egin nituen soka elastikoekin edo Errusiatik ekarritako balazta batekin, eta Harkaitzek ere bestelako elementu batzuk proposatu zizkidan.

“Ahal bezain beste dantzatu eta sortu nahi dut, gorputza lehertu arte”

Proiektu hori garatzeko dantzari gehiago behar ziren. Topaketa informal bat egin nuen ezagutzen nituen hainbatekin, eta azkenean Kataluniako bati eta Madrileko beste bati proposatu nien proiektura batzea.
 
Zertan ezberdintzen da ikus-entzunezkoetan ikusten den dantzan zuzenean ikusten denarekiko?

Nire helburua izango litzateke naturguneetan egiten ditugun emanaldiak hirira mugitu ahal izatea, baina oso zaila da naturan sentitzen dituzun gauzak hirira eramatea. Naturguneko hormak irregularrak dira, eta horietara moldatu behar izaten dugu. Hiriko paretak eta giroa ez dira berdinak, hirian beste gauza bat transmitituko genieke ikusleei. Dendu proiektuan hiru elementuren arteko harremana islatzen da: harria, egurra eta metala. Mikel Lertxundiren Orekaren bila lanean oinarritu gara. Beti gustatzen zait euskal artisten artelanetan oinarritzea sorkuntzarako.

Horrez gain, Haize lerroa ikus-entzunezkoarekin batera, beste zuzeneko bat sortzen ari gara; Patxi Araujo artista nafarraren mapping proiekzioa osatzen ari gara. Naturguneko espazioak sartuko ditugu bertan, eta horrek ikuslea lagunduko du bisualki espazioan kokatzen.

Musikak ere badu garrantzia sorkuntzan, ez?

Bai. Musika erabat lotuta dago planteatzen dugun gaiarekin, are gehiago Oreka TXekin batera aritzen garenean. Talde horren musika naturako elementuetatik sortze da. Harrizko txalapartak erabiltzen dituzten, banbu kanaberak, egurra… euren musikak antzinako erritualetara garamatza. Badituzte erritual kutsu handia duten abestiak, eta gu ere saiatzen gara hori paretan islatzen.

Aipatu duzu oso gogorra dela dantza bertikalean aritzea, fisikoki zein psikologikoki. Merezi du ahaleginak?

Erabat (barreak). Ezin naiz egon zintzilikatuta egon gabe. Dantza bertikala probatu nuen momentutik izan nuen argi bide horretan jarraitu nahi nuela. Pena ematen dit bide hau askoz lehenago, gazteagoa nintzenean, abiatu ez izanak. Gauza batzuetarako berandu nabil dagoeneko.

Alde fisikotik diozu?

Dena, orokorrean. Gauza bat gaztea zarenean egiten hasten bazara aukera duzu asko trebatzeko. Gorputzak ere beste modu batean funtzionatzen du orain. Dudan adinarekin, fisioterapeutarengana joan behar izaten naiz hamabostean behin, grabitatearen aurka aritzen garelako.

Hasieran ordu pilo igaro behar izan nituen sokatik zintzilik buruan nituen helburuetara heltzeko. Harrobi ondora joan nintzen bizitzera, pareta gertu izateko eta ordu gehiago sartzeko. Zaila da baita ere entseatzeko toki bat topatzea, leku bakarra dago, eta oztopo asko izaten ditugu. Orain dela hilabete batzuk lesio bat izan nuen eta sendatu gabe jarraitu behar izan nuen entrenatzen. Egunean bitan joan behar nintzen fisioterapeutatara, astelehenik ostiralera, entseguak jasan ahal izateko. Nire buruari galdetu izan diot ea zertan nabilen, baina sentitzen dut horretan jarri behar ditudala energiak. 

Nire hasierako helburua Harria Herria film laburra egitera mugatzea zen. Ondoren etorri zen zuzenekoak egiteko aukera. Ahal bezain beste dantzatu eta sortu nahi dut, gorputza lehertu arte; eta gorputza lehertzen denean beste pertsona batzuei lagundu nahi diet euren proiektuak aurrera ateratzen. Ideia asko ditut buruan. COVID-19aren pandemiak balio izan dit gauza berriak idazteko, eta horietako batzuk abian daude dagoeneko.

Beraz, buruan duzu noizbait dantzatzeari utzi egin beharko diozula, ez?

Bai. Egia  da beste talde batzuetan badaudela 50 urte urteko emakumeak, dantza bertikala egiten jarraitzen dutenak. Baina nik behintzat ez dakit jarraitu ahalko dudan, ez behintzat orain arteko erritmoan. Astero aritzen naiz, gorputzak ez du atsedenik hartzen, eta badakit horrek iraungitze-data duela. 

Pandemia gauza berriak idazteko baliatu zenuen. 

Balio izan zidan ikusteko zein puntutara arte gutxiesten nuen nire burua. Idazteak eta proiektuentzako ideiak partekatzeak ahaldundu egin ninduen. Horregatik izan da aberasgarria. Tarte bat atera nuen nire buruarekin geldi egoteko, gauza berriak planteatzeko eta nire bizitzarekin benetan zer egin nahi dudan hausnartzeko. Hor konturatu nintzen zer zen zoriontsu egiten eta asetzen ninduena. Gogorra eta aberasgarria izan da aldi berean. Orain egoera hobetzen ari dela dirudi, kultur emanaldiei begira. 

Bai. Gertatzen dena da iazko jaialdiak bertan behera geratu zirela, eta ordurako programatutako ikuskizunak aurten egingo direla. Ez dituzte programazio berriak onartzen. 

Hiru emanaldi lotu ditugu: bata ostiral honetan, uztailak 2, Bilboko Kalealdian. Bestea Lantaronen egingo dugu eta hirugarrena Igorren. Abuztuan ez dugu emanaldirik momentuz. Gauzak hala, entseatzeko baliatuko dugu hilabete hori, eta oporrak hartzen saiatuko gara. 

Harria Herria filmaren bira aurten amaituko dugu. Washingtonen proiektatu berri da,  Cascadian, emakumeen nazioarteko film jaialdian. Beste sei jaialditara ere aurkeztu dugu, baina aurten amaitu nahi dugu birarekin.  Hiru proiektutan zentratu nahi dut: Dendu eta Harria Herria ikuskizunetan eta Haize Lerroa film laburrean. Datorren urterako jaialdiak lotzen saiatuko gara, bira egin ahal izateko. 

Datorren urtea ere bizia izango dela aurreikusten duzu, orduan.

Hori espero dut, ahalik eta gehien antzeztea. Hori da nire ilusioa. Ea dena ondo ateratzen den. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide