ENERGIA BURUJABETZA

Eguzki plakak jarri dituzte eskolako teilatuan, udal eraikinen auto-hornidura energetikoa ahalbidetzeko

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abu. 14a, 06:00

Udan eskola itxita dagoela baliatu dute obrak egiteko. / Eusko Jaurlaritza

Zenbait hobari ezarri ditu tokiko erakundeak ordenantza fiskaletan, plaka fotovoltaikoak jartzea sustatzeko. 

40 panel fotovoltaiko jarri ditu Arrankudiaga-Zolloko Udalak eskolako teilatuan. Uda baliatu du obra egiteko, hezkuntza zentroa itxita dagoela baliatuta. 27.300 euro baliatu dituzte guztira, eta plakak datozen asteetan jarriko dituzte martxan. Elexaldeko udal eraikin guztien argindar kontsumoa asetzea izango da azpiegituraren xedea. Zehazki, eraikin hauei emango diete argindarra plakek:

  • Eskola
  • Haurreskola
  • Osasun zentroa
  • Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatearen egoitza
  • Pilotalekua
  • Oxinburuko eraikina (jarduera soziokulturaletarako erabiliko dena eta une honetan eraikitze fasean dagoena)

Soberan geratzen den energia  Iberdrolari salduko diote. Egitasmo hau “erreferentea” izatea nahi du udalak, “etorkizunean auzotarren komunitate pribatuak ere antzerako proiektuak egitera anima daitezen”. 

Hobari fiskalak

Helburu berari jarriki, zenbait hobari fiskal ezarri ditu tokiko erakundeak, arlo pribatuan ere plaka fotovoltaikoak jartzea sustatzeko. 

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %50ko hobaria izango dute plakak jartzen dituztenek 6 urtetan zehar, urtean 300 euroko mugarekin eta, guztira, instalazio osoaren aurrekontuaren %30ko mugarekin. 

Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan, aldiz, %90ko murrizketa ezarriko da, eta %75koa, aldiz, hirigintza lizentzia emateagatiko tasan. 

Udalak gogorarazi du Energia Efizientzia eta Aurrezte Plana onartu zutela iaz, “ikerketa sakona egin eta gero”. Gauzak hala, bertan zehaztutako ekintza planari erantzuten dio eskolan eginiko proiektuak. 

Udal ordezkariek nabarmendu dute aldaketa klimatikoaren “ondorio larriak” geroz eta “nabarmenagoak” direla mundu osoan. “Neurri eraginkorrak hartu behar dira lehenbailehen eta ezin dugu nazioarteko itunen eta estatuen politiken zain egon”, adierazi dute. Gauzak hala, egoera “behetik gora” aldatzeko garaia dela aldarrikatu du tokiko erakundeak, “gutariko bakoitzaren jokabidetik, gure ingurutik, gure herritik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide