Noiztik zabiltza ilustratzaile moduan lan egiten?
Betidanik marraztu dut. Arte Ederrak ikasi nituen eta Madrilera joan nintzen gero, ikasketak ilustrazioaren esparruan jarraitzera. Orduan hasi nintzen horretan lanean. Baina, horrez gain, irakaslea ere banaiz. Bi gauzak uztartzen ditut.
Zer nolako ilustrazioak egiten dituzu? Zein formatutan?
Umeentzako ipuin bat argitaratu dut, El nido izenekoa. Enkarguzko lanak ere giten ditut, enpresentzat edo argitaletxeentzat. Horrez gain, ia hilero egiten dut lan bideo-jokoei buruzko aldizkari batekin, GTM (Games Tribune Magazine) izenekoa. Bideo-jokoetan oinarritutako ilustrazioak plazaratzen ditut bertan.
Zeri buruzkoa da El nido liburua? Nola suertatu zitzaizun hori argitaratzkeo aukera?
Argitaletxea arri zen nirekin harremanetan. Idazle batek (Rocio Campos Ramirez) idatzi zuen ipuina eta nik egin nituen ilustrazioak. Negua batere gogoko ez duen neska txiki baten istorioa kontatzen du. Bizitzan gustatzen ez zaizkigun gauzei buelta nola eman ahal diegun jorratzen du liburuak.
Beste libururik ilustratu duzu?
Orain badut beste bat esku artean, baina ezin dut gauza gehiagorik esan (barreak).
Enkarguka egiten dut lan normalean, baina nire ilustrazio propioekin ere aritzen naiz, azoketan eta antzeko tokietan saltzeko. Erretratuak ere egiten ditut.
Asko aldatzen duzu zure estiloa proiektu batetik bestera?
Askotan aldaketa handia dago, bai. Erretratuak, adibidez, askoz errealistagoak egiten ditut. Beste batzuetan, aldiz, nabariagoa da nire estiloa.
“Beti esan izan didate koloreengatik sumatzen dela ilustrazio bat nirea dela”
Kolore biziak eta elementu fantastikoak dira nagusi zurean, ez?
Hala da, bai. Beti gustatu zait pila bat kolorea erabiltzea eta beti esan izan didate koloreengatik sumatzen dela ilustrazio bat nirea dela. Baina azken urteetan marrazteko era aldatu dut batez ere. Lehen estilo errealistagoa neukan. Orain, ordea, irudi geomertikoak egiten ditut, exajeratuagoak.
Zertan inspiratzen zara marrazterako orduan?
Guztiok ditugu erreferente pilo.Uneoro gaude sare soziala begiratzen. Lagun ilustratzaile asko ditut, eta euren lanak ere badira inspirazio iturri. Pelikulak, animazioak, komikiak… leku guztietatik hartzen dut zerbait, nire nahasketa propioa egiteko.
Normalean pertsonaiak asmatzen ditut eta eurentzako istorio edo egoerak irudikatzen ditut. Liburu txiki bat prestatzen ari naiz orain nire pertsonaiekin. Sare sozialetan plazaratuko dut lehenbizi eta formatu fisikoan gero.
Zirriborroak normalean nahiko azkar egiten ditut. Ideia bat bururatzen zaidanean oso azkar irudikatzen dut. Behin betiko marrazkia egitera bideratzen dut denbora gehien.
“Lehen estilo errealistagoa neukan. Orain, ordea, irudi geomertikoak egiten ditut, exajeratuagoak”
Asko aldatu da ilustrazioak kontsumitzeko era azken urteetan?
Bai, eta presio ikaragarria sortzen du horrek Instagramen eta antzeko sare sozialetan mugitzen garen artistongan. Uneoro egon behar zara ekoizten, eta gero jendeak segundu bakan batzuk eskaintzen dizkio zuk eginikoari. Badirudi sare sozialentza lanean zaudela etengabe, eta gero horrek ez du fruiturik ematen.
Prekarizatu al da sortzaileen lana?
Baietz uste dut. Orain badirudi zerbait berria egin behar duzula egunero, bestela ez zarelako existitzen.
“Orain badirudi zerbait berria egin behar duzula egunero, bestela ez zarelako existitzen”
Pandemia ere hor dago. Zer nolako eragina izan du zure sorkunza prozesuan?
Lan asko egin dut. Arrankudiagan bizita, erraz eraman dut konfinamendua. Baina egoerak txarrera egin du gero.
Zeintzuk dira zure asmoak datozen hilabeteei begira?
Baditut pare bat enkargu, baina nire sorkunza propioan zentratu nahi naiz batez ere. Iragan ikasturtean master bat egiten egon nintzen unibertsitatean eta ez nuen apenas denborarik izan marrazteko. Beraz, badut gogoa paperaren aurrean eseri eta marrazten egunak eta egunak igarotzeko.