Kultur sorkuntza Aiaraldean

Ane Cuesta Monge zinema zuzendari gazteak crowfundinga abiatu du 'Asko falta da' filma finantzatzeko

Aitor Aspuru Saez 2021ko ira. 29a, 14:00

Filma grabatu dute dagoeneko. / Ane Cuesta Monge

Film laburraren helburua da indarkeria matxista salatzea, "ez mitifikatzeko, ez estereotipatzeko". Grabaketa amaitu dute jadanik eta Go!azen telesaileko hiru antzezlek parte hartu dute proiektuan.

Ane Cuesta Monge Zolloko gazteak Asko falta da film laburraren gidoia idatzi eta zuzendu du. Zolloarrak klasekide talde batekin elkarlanean garatu du egitasmoa eta orain crowfundinga abiatu dute bitarteko ekonomikoak lortzeko. Interesdunek webgune honetan egin dezakete ekarpena

Zinemagileak azaldu du pelikulak bortxaketa bat duela hizpide eta gertakari jakin batean oinarrituta dagoela. "Hori gertatu zenean agertu zitzaidan grina kontatzeko" argitu du. Ordea, unibertsitateko ikasketek eman zioten aukera gauzatzeko: "3. mailan gaude eta film laburra egin behar dugu. Ikasleak garenez, unibertsitateak eman zigun aitzakia".

Berez, pelikularen bertsio bat aurkeztu dute, baina ikasle taldearen asmoa da dirua eskuratzea antzezleei eta pelikulan lan egin duten guztiei modu duinean ordaintzeko, soinua fintzeko eta post-produkzioa hobetzeko. Horrez gain, banatzailea kontratatu nahi dute zinema jaialdietan aritzeko.

Go!azen telesaioko antzezleak

Zolloko zuzendariak nabarmendu du kalitatezko antzezle taldea osatu dutela. Alde batetik, Go!azen telebista saioko hiru aurpegi ezagun batu dituzte: Maria Redondo, Iholdi Beristain eta Beñat Iturbe.

Horrez gain, Gaizka Sarasua (Donostian antzerkia ikasten duena) eta Unai Arana ere agertzen dira. Azken hori Altsasu telesaioan agertu zen eta orain Netflixeko ekoizpen berri batean dago lanean: Tú no eres especial.

Piztu Meta 2021eko laguntza

Crowfundingak Gipuzkoako Foru Aldundiko laguntza izango du. Izan ere, Piztu Meta deialdira aurkeztu zuten egitasmoa eta 15 hautatuen artean egon da. Horrek esan nahi du erakundeak proiektuak jasotzen duen diru kopurua bikoiztuko duela, 4.700 euroko muga izanik. Printzipioz, Asko falta da sortu duen lan taldeak 3.000 euro eskuratu nahi ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide