Nola sortu zen Asko falta da? film laburra egiteko ideia?
Pelikula bizipen erreal batean dago oinarritua, hortaz, hori gertatu zenetik agertu zen kontatzeko grina, baina ikasleak garenez, unibertsitateak eman zigun aitzakia hori.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari gara eta 3. mailaren amaieran beti egiten da film laburra. Klaseko lagunak gara eta lanak egin ditugu elkarregaz. Ondorioz, erabaki genuen hori kontatu behar zela. Gainera, gure erara egin nahi genuen. Batu ginen eta nik idatzitako gidoia hautatu genuen. Bagenuen aitzakia, aukera eta gogoa soberan. Asko falta da? filmak salatzen du bortxaketa bat eta egiten du kasu zehatz batean oinarrituta.
Go!azen telebista saioko zenbait antzezle agertzen dira, nola batu dituzue proiektura?
Prozesuaren lehenengo partea zen aktoreak bilatzea. Pertsonaiak argi genituen eta horren arabera hainbat euskal antzezle gazteren argazkiak jarri genituen mahai gainean, erabakitzeko zeintzuk bete ahal zuten ondo paper bakoitza, ematen duten irudiagatik eta abar.Horrela atera ziren Go!azen-eko hiru antzezle: Maria Redondo, Iholdi Beristain eta Beñat Iturbe. Ematen zigun beldur apur bat Go!azen-eko antzezle gehiegi agertzea, norbait agian nahastuko zelakoan, baina oso aproposak ikusten genituen pertsonaia horiek antzezteko. Lortu genuen zeharka eurekin harremanetan jartzeko modua, ezagun baten ezagunaren ezagunari mesedeak eskatuta, deiak egin genituen eta esan ziguten baietz.Agertzen dira ere Gaizka Sarasua, antzerkia ikastea Donostian, eta Unai Arana. Azken hori Altsasu telesaioan agertu zen eta orain Netflixeko telesaio berri batean dago lanean; Tú no eres especial.
“Crowdfundingak bi txanda izango ditu. Lehengoa irailaren 29an hasi zen eta berrogei egunez luzatuko da”
Eskaintza ekonomikoa egin zenieten?
Deitu genien eta azaldu genien ikasle taldea ginela, film laburra egin nahi genuela eta hasieratik esan genuen unibertsitateak ez zigula dirurik ematen. Ikasleak izanik, ez genituen baliabideak eurei soldata ordaintzeko. Konpromiso barik eskatu genien parte hartzea, egin genuen bilera banan-banan gidoia erakusteko eta gogoko izan zutenez, aurrera egin zuten.
Zenbat eguneko grabaketa izan zen?
Denboraz mugatuak geunden, klaseko lana zelako. Astebetea genuen grabaketa egiteko. Datak aintzat hartuta, hiru egun erabaki genituen. Lehenengo egunean hiru aktorek baino ez zuten parte hartu, eta Aretxabaletan izan zen. Beste bi egunetan antzezle guztiak zeuden eta Azpeitiako baserri batean izan ziren.
Hori da zuzendari laguntzaileak egiten duen lana, dena antolatzea ahalik eta errazena izateko. Lehenengo egunean agian sei orduz aritu ginen, eta beste bi egunetan zortzi edo hamar orduz.
Orain crowfundinga abiatuko duzue, zertarako zehazki?
Hasieratik pentsatutako aukera da. Alde batetik, guk jarritako dirua berreskuratu nahi dugu. Izan ere, ikasleak izan arren, lan egin dugu proiektuan eta nahi dugu baldintza horiek hobetu. Aktoreei eta ikusten ez diren pertsona askori ere ordaindu nahi diegu; diseinatzailea egon da kamiseta egiteko, soinu banda sortu duena...
Etorkizunera begira, ordaindu nahi diogu banatzaile bati, gure lana zabaltzeko.
Momentuz filma bukatu nahi dugu. Unibertsitatean aurkeztu dugu bertsio bat, baina emaitza findu nahi dugu post-produkzioaren bidez; etalonajea, soinua hobetu...
Hori borobilduta eta pozik sentitzen garenean horrekin, unibertsitateak antolatzen duen jaialdi batean parte hartzea da xedea, Huhezineman.
Gero bestelako jaialdietan mugitzea nahi dugu eta horretarako beharrezkoa da banatzailea.
Piztu Meta 2021ean parte hartu eta hautatuak izan zarete, azalduko duzu zer suposatzen duen horrek?
Beka antzekoa da, kultura proiektuak aurrera eramateko. Babeslea da Gipuzkoako Foru Aldundia eta Goteo plataformarekin akordioa dauka, crowfundingak egiteko balio duena.
“Hori da zuzendari laguntzaileak egiten duen lana, dena antolatzea ahalik eta errazena izateko”
Guk azaldu genuen zertan datzan proiektua, eta Metakera bidali genuen. 15 proiektu hautatzen dituzte, ohikoan gizarte arazoekin lotura dutenak.
Aukeratuen crowfundingaren bidez jasotako ekarpen bakoitza bikoizten edo hirukoizten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektu bakoitzeko 4.700 euroko muga dago. Gure kasuan,4.000 euro lortuta, 8.000 eskuratuko ditugu guztira.
Crowfundingak bi txanda izango ditu, irailaren 29an hasita berrogei egunez luzatuko da bat eta hilabeteko etenaldiaren ostean, 20 eguneko beste txanda egongo da. Hori bai, lehenengo txanda horretan gutxieneko kopurura heldu behar da, gure kasuan 3.000 euro.
Pelikula hau izan da zure lehen esperientzia zuzendari gisa?
Egin nuen beste bat unibertsitaterako. Kasu horretan Katalunian egin nuen, Seneca beka batekin egon bainintzen han. Askoz arinagoa izan zen. Astebetean grabatu eta astebetean ekoiztu nuen, presa gehiagorekin, baina beste modu batean; lagunak deitu eta eurekin aurrera egin.
Hala ere, Huhezinema jaialdian parte hartu nuen eta saria jaso nuen. Zehazki, pelikula horrek kontatzen zuen neska gazte batek plan perfektua zuela, nahiz eta onuragarria ez izan berarentzat. Gero konturatzen gara ematen zuela neskak hitz egiten zuela gauza bati buruz, baina beste bati buruz ari zela.