Argentinako euskal diasporaren errealitatea eta jarduna izango dituzte hizpide ostegunean (urtarrilak 6) Arrankudiaga-Zolloko Txondor Gaztetxean, 18:00etan. Marcial Argostini eta Ignacio Alustiza euskaldun-argentinarrek eskainiko dute solasaldia, euskara hutsez.
Ane Arandia Morgaetxebarriak Argentinara eginiko bidaia batean dago hitzaldiaren jatorria. “Aspaldi joan nintzen Argentinara, bertako Euskal Etxe bateko proiektu batean parte hartzeko”, azaldu du Arrankudiagako bizilagunak. Duela bost urte itzuli zen Hego Amerikako herrialde horretara, La Plata hirira, Etxepare Institutuarekin beste egitasmo bat egitera. “Han ikusi nuen sekulako lana egiten dutela euskal kultura, dantzak etbr. berreskuratu eta mantentzeko, eta konturatu nintzen hemen ez dugula lan horren berri. Horregatik bururatu Arrankudiagan hitzaldia antolatzea”.
Baina solasaldia antolatzeko aukera orain sortu da, Arandiaren Argentinako lagun bat (Marcial Argostini) Euskal Herrira bizitzera etorri delako. “Duela urtebete etorri zen eta hainbatetan egon da hemen, Zolloko jaietan, besteak beste”.
Necochea hirikoak dira bi hizlariak, eta bertako euskal etxeko jarduna izango dute hizpide. “Euskal Herritik Argentinara egondako inmigrazio uholdeak azalduko dituzte lehenbizi, eta euskal diaporaren jarduna azalduko dute jarraian: euskal etxeen funtzionamendua eta Euskal Herriko gazteak bertara joateko dauden programak, besteak beste”.