TXUTXI ARIZNABARRETA

“Bakiolako industriagunea bultzatu behar dugu”

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 10a, 07:00

Tutxi Ariznabarreta, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko ponentzia sozioekonomikoa, Oxinburuko eraikina, Bakiolako industriagunea... proiektu eta erronka ugari zehaztu ditu TXUTXI ARIZNABARRETA Arrankudiaga-Zolloko alkateak. 

Zein da bukatzear dagoen urtearen balorazioa udalean?

Pandemiaren eragin sozial eta ekonomiko larriek sortu duten zalantza eta noraeza gainditu eta aurreikusita geneuzkan proiektu eta lanekin aurrera egin dugu.

Oxinburuko eraikinean lanak abiatu dituzue aurten, zein da aurreikuspena?

Eraikuntza arloko material horniketa arazoak sufritu ditugu guk ere, baina une honetan lanak abiadura onean doaz. 

Jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duzue, ezta?

Aldaketa klimatikoaren aurrean jasangarritasunaren aldeko erronka egiten dugu. Aurreko urtean onartu genuen Energia Plana jarraituz, Iberlandako parkeko argiteri osoa aldatu dugu eta, energia berriztagarriei dagokienez, eguzki plaka fotovoltaikoak jarri ditugu eskolako teiletuan eta udal eraikinak bertatik hornitzen ari gara eta, aldi berean, udal erakinak biomasa bitartez klimatizatzea lantzen ari gara.

Horrez gain, bioaniztasuna eta baso autoktonoaren aldeko apustuan oinarrituz, herri basoen kudeaketa  jasangarrirako plana aurkeztuko dugu datozen hilabeteotan. Hasi gara jadanik landaketak egiten Pagobakarra inguruan. 

Aiaraldearen berraktibazio sozioekonomikorako ponentzia abian jarri dute, nola doa prozesua?

Bai, eta gure udalerria ere ponentzian sartu dute, Aiaraldearekin harreman ekonomiko, sozial zein laboral oso zuzena dugulako.Egoera sozioekonomiko larriaren aurrean, epe laburrerako premiazko ekimen plana eta epe ertainerako plan estrategikoa zehaztu nahi du ponentziak. Arrankudiaga eta Zolloko Udaletik guretzat funtsezkoak diren zenbait gai jarri ditugu mahai gainean. Eskatzen duten inbertsio mailagatik gure ohiko aurrekontuen bitartez garatu ezin diren proiektuak eta udal eskumenak gainditzen dituzten gaiak dira.

Zeintzuk izan dira zuen eskaerak inbertsio horiei begira?

Nerbioi ibaiak sei meandro handi egiten ditu Arrankudiagako lurretan eta hor dago kokatuta herriaren bizitza sozial eta ekonomikoa. Orain arte ibaia gauza ezkorrei lotu izan da, baina bere potentzialitateak balioan jartzeko ordua da. Guztiz premiazkoa da Nerbioi ibaiaren biziberritzea eta norabide horretan doaz gure lehen bi eskaerak. Lehena, ur zikinen kolektorea. Galindoko hondakin-uren araztegirako kolektorea Ugaoraiko gauzatu eta hor gelditu zen bertan behera sine die. Aldi berean, Nerbioi Goieneko ur zikinak Basaurben eraikiko den araztegira bideratuko dira. Tartean, hor gaude gu inongo araztegira gure ur zikinak bideratzeko aukera barik.

Eskandalugarria da XXI. mendean gure ur zikinak ibaira bota behar izatea. Guztiz premiazkoa da kolektorea Ugaotik Laudioko mugaraino luzatzea.

Bigarrena, bizikleta eta oinezko bidea. Bizkaiko Bizikleta Bideen Planean aurreikusita dago Nerbioi ibarrean zehar Arrankudiagako lurretan ere bizikleta eta oinezko bidea egitea, baina behin eta berriro atzeratu egiten da azpiegitura proiektu hori. Aldi berean, Nerbioi Goienekoa, Laudiotik Urduñara, ia amaituta dago. Guretzat guztiz funtsezkoa proiektua lehenbailehen garatzea, Nerbioi ibaiak auzoen artean eragiten duen inkomunikazioa gainditu eta mugikortasuna bideratzeko.

Zer gehiago jarri duzue mahai gainean?

Bakiola industriagunea. Gure udalerriko jarduera industrial ia osoa Bakiolan dago, ia 80 pabiloi. Nerbioi Barreneko kontzentrazio industrial gunearen eta Aiaraldekoaren artean kokatuta, jarraitutasuna ematen dio Nerbioi ibarrean zehar garatu den ehun industrialari. Lanpostu egonkor eta kalitatezkoak sortzeko oso garrantzitsua da. Beraz, Bakiola industrigunea bultzatu eta eskualdeko estrategian txertatu behar dugu. Itxura zaharkitua eraldatu, erakargarri bihurtu, modernizatu eta hutsik dauden pabiloiak betetzeko enpresak erakarri.

Eta, azkenik, BI-625 errepidea. Izugarrizko trafiko intentsitatea dauka, gehiena “de paso” delakoa eta ibilgailu astunena. Oso arriskutsua da. Zati gehienetan ez dago espaloirik eta ezinezkoa da oinez ibiltzea bizitza arriskuan jarri barik. Arrankudiagako hirigunea bitan zatitzen du, mugikortasuna erabat baldintzatuz. Auzo guztien arteko komunikazioa BI-625 errepidetik egin behar da eta sarrera irteera guztiak oso arriskutsuak dira. Egoerak premiazko konponbidea eskatzen du eta, kasu honetan, saihesbidea egina dago: AP68 autobidea. Aipatutako trafiko guzti hori autopistatik bideratu behar da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide