Atzo onartu zen ‘Arrankudiaga-Zollo’ izena Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran. Gauzak hala, aurrerantzean horrela deituko da ofizialki bi herriek osatutako udalerria.
Txutxi Ariznabarretak oharra plazaratu du “prozesu luze” horren nondik norakoak azaltzeko. 1968. urtera arte bi herriak “guztiz independienteak” izan zirela azaldu du egungo alkateak. “Urte horretan Arrankudiagan, Arakaldon eta Zollon udal-idazkari bera zegoenez, hiru udaletako kudeaketa administratiboa era bateratuan Arrankudiagako udaletik egitea proposatu zen. Proposamena onartu egin zuten Arrankudiaga eta Zolloko udalbatzek, eta ezezkoa eman zuen Arakaldokoak”.
Kudeaketa bateratu hori egiteko, “Fusio Administratiborako Estatutua” onartu zuten. “Auzotarren Juntak eratu zituzten, bi herrien ondasunak (herri basoak, eraikinak…) kudeatzeko. Baina entitate munizipal bakarra sortu zen, hau da, bi herri eta udalerri bakarra”, zehaztu du alkateak. Bere garaiko testuinguruan kokatu du erabakia: “Anexioen garaiak ziren, aginte politiko-administratibotik bultzatuta, baina kasuan honetan fusio administratiboa burutu zen, eta ez anexioa”.
Erabaki hori “antidemokratikoa” izan zen, egungo gobernuburuaren aburuz. “Diktadura frankistaren garaiak ziren, alkate eta zinegotziak ez ziren hauteskunde bidez aukeratzen, eta goitik beherako egitura politikoaren ordezkariak ziren, ez herritarrenak”. Gainera, Zollorekiko “guztiz diskriminatzailea” izan zen emandako urratsa, entitate berri horri ‘Arrankudiaga Udala’ izena jarri zitzaiolako.
Asanblada Zollon
Egoera horretan iritsi da udalerria gaur egungo garaietara. 2019ko udazkenean asanblada egin zuten Zolloko bizilagunek, eta honakoa ebatzi zuten: elkarketa indargabetu eta herri bakoitzak berriro bere udala bereganatzea zela justuena. Baina gaur egungo legeriak ez du horrelakorik ahalbidetzen, Ariznabarretaren hitzetan. Horregatik ebatzi zuten izena, behintzat, “lehenbailehen” zuzentzea; hau da, Arrankudiaga eta Zolloko Udala izena modu ofizialean onartzea.
Udalari helarazi zioten eskaera hori. 2019ko abenduaren 30ko Udal Osoko Bilkuran onartu zuten aldaketa, aho batez. Bizkaiko Foru Aldundira bidali zuten orduan eskaera; eta, Ariznabarretaraen arabera, orduan hasi ziren “eragozpenak”, Foru Aldundiko Administrazio Publiko eta Erakunde Harremanetarako Sailaren partetik.
Gauzak hala, hasiera puntura itzuli zen prozesua. Zolloko batzarrean landu zuten berriro gaia, iazko apirilean. Erabakia berdina izan zen: herritarrek berretsi zuten ‘Arrankudiaga eta Zollo’ izena jarri nahi zutela, baina bigarren aukera bat ere jarri zuten mahai gainean, beste aukerarik ez balego: ‘Arrankudiaga-Zollo’ terminoa baliatzea, ‘eta’ lokailua gidoi bategatik ordezkatuta.
“Ondorengo hilabeteetan, hainbat batzar eta ahalegin egin ondoren, ez zen lortu blokeo egoera gainditzerik”, kontatu du alkateak, “Foru Aldundia espedientea artxibatu eta prozedura osoa bertan behera uzteko prest zegoela ikusita, Arrankudiaga-Zollo izena onartu eta proposamen berria Foru Aldundira bideratzea eskatu zion Zolloko Juntak udalari”. Modu horretan onartu dute izendapen berria.