Arrankudiaga-Zollon dago 'NI, STEAM emakumea' erakusketa ibiltaria. Arrankudiagako plazan egon da ikusgai atzora arte. Gaur Atxetan egongo da, ostegunera arte, eta Zollora mugituko da orduan, astelehena bitarte.
Dena den, Aiaraldeko toki gehiago bisitatuko ditu erakusketak. Abenduan Urduñan egon zen, eta Orozko izango du azken geltoki, martxoaren 1etik 14ra bitartean. Arrigorriaga eta Zaratamo bisitatuko ditu horien tartean.
Izan ere, Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateko udalerri guztietako gazteria sailen artean atondu dute lana, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean. "Gazteen artean zientzia eta teknologia bultzatzea" da ekimenaren helburua. 8 emakumeren perfilak osatu dituzte horretarako. Zortziak bizi dira (edo lan egiten dute) Nerbioi-Ibaizabalen, eta zientzia edo teknologian aritzen dira. Modu horretan, emakumezko erreferentziak zabaldu nahi dituzte gazteen artean, "inspirazio iturri izan daitezen".