Matxinkorta Mendi Taldeak ekintzak antolatzeari ekin dio, berriz ere. Azken urtean programak eten egin dituzte pandemiaren ondorioz, baina irteerak eskaintzen hasiak dira dagoeneko. Igandean, urtarrilaren 30ean, izango da urteko lehenbiziko txangoa, 9:00etan abiatuta. Arrankudiaga eta Zollo inguruko gailurretara joko dute, 14 kilometro inguru osatzeko asmoz.
Kamaraka eta Mugarriluze igoko dituzte ibilbide luzea aukeratzen dutenek, eta Ermualden elkartuko dira zeharkaldi laburrekoekin
Ibilaldi luzeak 750 metroko desnibela izango du, eta laburrak 550 metrokoa. Dena den, antzerako gainak zapalduko dituzte partaideek: Arrankudiagako plazatik Madalenara joango dira. Han, bereizi egingo dira bi taldeak. Zeharkaldi luzea egin nahi dutenek Kamaraka eta Mugarriluze igoko dituzte, eta zirkuitu motza hautatzen dutenek Ermualden gauzatuko dute hurrengo geldialdia. Hain zuzen, bertan elkartuko dira bigarrenez bi multzoak, eta Pagobakarratik plazarainoko bidea osatuko dute gerora. Oharrei dagokienean, hamaiketakoa azpimaratu dute: "bakoitzak bere txitxiburdintzia eraman dezala".