Arrankudiaga-Zolloko Udalak landa eremuan dauden baserrien katalogoa aurkeztuko du otsailaren 16an udaletxean 18:30ean eta otsailaren 17an Zolloko bolatokian, 18:30ean. Dokumentu horren aurkezpenarekin batera, eztabaida sortu nahi du tokiko erakundeak lurzoru ez urbanizagarrian dauden baserriei buruz.
Izan ere, katalogoan ez da soilik inbentarioa egingo. Halaber, etorkizunera begirako bideak irekiko dira. Txutxi Ariznabarreta alkateak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari landa eremuko eraikin mota horien egoera arautzeko beharra dagoela: "Baserrien izaera aitortzen zaie 1950ean baino lehenago eraikitako egiturei. Horien artean, gaur egun gehienek ez dute lehen sektoreari lotutako jarduerarik, baina batzuetan jendea bizi da, besteetan ez... Egoera horiek arautzeko unea heldu da. Gainera, mahai gainean jarri nahi dugu urbanizatzeko aukerarik ez egon arren, eraikin handiak sakabanatu daitezkeela bizitza unitate bat baino gehiago bertan bizi dadin".
Alkatearentzat, horrek eman dezake tartea udalerrian dagoen etxebizitza arazoari aurre egiteko, "porlanaren alde egin gabe".
Prozesu irekia
Ariznabarretak azpimarratu nahi izan du katalogoa ez dela onartu, eta orain dela garaia horri buruz eztabaidatzeko eta zuzenketak egiteko: "Oro har, udalek egiten dute katalogoaren hasierako onarpena udalbatzan eta helegiteak jartzeko epea irekitzen dute. Guk nahiago dugu jende guztiak denbora izatea nahi dituen fitxak ikusteko eta baloratzeko, eta behin ekarpen eta beharrezko aldaketak eginda, onartzea".
Baserrien fitxek hainbat ezaugarri batzen dituzte: "Balio historikoko elementuak badituzte, fitxek adierazten dute nola mantendu behar diren obrak eginez gero. Horrez gain, bizitza unitate berriak sortuz gero, fitxek aztertzen dute zein aukerak ematen dituen guneak zerbitzu berriak garatzeko; aparkalekuak, besteak beste".