"Alex Txikon ez zen Manasluko tontorrera igo, baina emakume bati erditzen lagundu genion eta hori politagoa da"

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 11a, 07:00
Alex Txikon eta Iker Mediavilla Garmendia./ Sacem

Bakiolan kokatuta dagoen Sacem telekomunikazioen enpresan lan egiten du Iker Mediavilla Garmendiak eta Alex Txikonen Manasluko espedizioan parte hartu zuen. Mendiko tontorra zapaltzea lortu ez bazuen ere taldeak, emakume bat erditzen lagundu zuten Nepaleko herrixka batean.

Sacem komunikazio enpresa Bakiolako industria poligonoan sortu zen eta han mantendu du lokala. Telekomunikazioen azpiegiturek kalte ekologikoa ez sortzeko buru-belarri ari dira zenbait proiekturen bidez. Bere langileen artean Iker Mediavilla Garmendia dago, eta Arrigorriagako teknikoak aukera izan zuen Alex Txikonen azken espedizioan parte hartzeko: "Printzipioz, nire eginkizuna Sacem enpresako kide gisa zen sare sozialak kudeatzea eta telekomunikazioak bermatzea. Hau da, kanpamentu nagusiaren eta Alexen arteko komunikazioa ona zela ziurtatzea irrati bidez, edo estaldura ez zegoen lekuetan, sortzea. Satelite bidezko interneta izateko tresnak eraman nituen, adibidez. Ordea, azkenean, apur bat denetarik egin dut; sukaldari lanak eta elurra kentzea barne".

Espedizioa abentura izan da zentzu guztietan: "4.975 metrora zegoen kanpamentu nagusia, eta urtarrilaren 1etik otsailaren 20ra egon naiz Nepalen". Edonola ere, aintzat hartuta elurteek ez ziotela Txikoni Manaslu tontorra igotzea ahalbudetu, handik ekarri duten historia interesgarriena izan da ume baten jaiotzan lagundu zutela.

Emaginak ezustean

Pasadizo hori espedizioaren azken egunetan gertatu zen. Taldeko zenbait kide nekatuta zeuden eta kanpamentua utzi zuten herrixka batera jaisteko,  helikopteroa itxaron behar zuten horretarako,  gero handik Katmandura joateko.

"Bat-batean, gure kideak deitu zigun eta azaldu zigun emakume bat zegoela erditzear herrixkan. Kontuan hartu behar da Nepalen ez dagoela mediku bat herrixka guztietan, ondorioz, galdetu zigun ea posible litzatekeen gutako batek bere tokia uztea emakumezkoari, ospitalera eramateko. Guk esan genion ez zegoela arazorik. Ni prest nengoen oinez itzultzeko Katmandura. Hala ere, hurrengo egunean ezin izan zen etorri helikopteroa, elurteen ondorioz".

Gauzak horrela, helikopteroa egun bat beranduago heldu zen kanpamentura. Herrixkara jotzean  gertatutakoa ez du inoiz ahaztuko Ikerrek: "Herrixkara heldu ginen eta ez genekien ondo zein zen egoera. Hor ez dute nepaleraz hitz egiten, tibetarrez baizik. Emakumearen etxean sartu ginen. Etxe horiek antzinako baserriak bezalakoak dira, oiloak zeuden barruan, esaterako. Emakumearengana hurbildu ginen eta Alex konturatu zen besoa ez ezik, umearen burua ere ikusten zela apur bat. Gu ez gara medikuak ez ezer, baina egoera oso larria zen. Ondorioz, Alexek botikineko eskularru batzuk hartu eta umearen burua ondo jarri eta tiraka atera zuen haurra. Bere ama ia konorterik gabe zegoen, eta ezin zuen bultzatu".

Momentu hori nola bizi izan zuen galdetuta, Mediavillak harriduraz gogoratzen du dena: "Nik ahal izan nuen guztian lagundu nuen Alex. Txikonek baserrian ikasitakoa behien erditzetan erabili zuen. Behin umea aterata, espero genuen hilik egotea. Ez genekien zenbat denbora zeraman horrela, baina, zorionez eta ezustean, arnastu egiten zuen. Izugarri poztu ginen. Alexek botikineko artaziak hartu eta zilborrestea moztu zion".

Bidaia Katmandura

Poztasun horrekin, Ikerrek lortu zuen herrixkako jendearekin esku-ohe batean jartzea emakumea eta helikopterora eraman zuten: "Alex, emakumea, bere ahizpa, umea eta bostok igo ginen helikopterora Katmandura joateko eta ospitalean uzteko".

Horrek suposatu zuen helikopteroak bi bidaia egin behar izan zituela, eta espedizioa nabarmen garestitu zen: 2.500 euro, hain zuzen. "Azkenean Alexek hitz egin zuen babesleekin, eta lortu egin zuen dirua hori ordaintzeko" azaldu du Arrankudiaga eta Zolloko beharginak.

Eta ez hori bakarrik, 500 euro gehiago eskuratu zituzten: "Bi egun geroago ospitalera joan ginen eta emakumearekin egon ginen. Soberan zeuden 500 euro horiek eman genizkion etxera itzuli ahal izateko, errepidetik eta oinez. Argazki batzuk egin genituen elkarrekin".

Espedizioko hasierako helburua bete ez bazuten ere, taldea pozik itzuli zen. "Manasluko tontorrera ez zen igo Alex Txikon, baina ume baten jaiotzan lagundu genuen eta hori askoz politagoa da", aipatu du Iker Mediavilla Garmendiak.

Atsedenik gabe

Duela aste gutxi itzuli ziren Alex Txikon eta Iker Mediavilla Nepaletik, baina gaur bertan Poloniara joango dira, errefuxiatu ukrainarren bila: "Alexek horrelako gauzak egiten ditu maiz, baina ez ditu zabaltzen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide