Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo, ur-saneamenduari dagokionez, puntu ilun bat direla ohartarazi dute bi udalerrietako alkateek. Aiaraldeko urak bilduko dituen Basurbeko araztegia Araba eta Bizkaiko mugan eraikiko dute. Aldi berean, Galindoko araztegira ur-zikinak bideratzen dituzten kolektoreak Ugaora arte iristen dira bakarrik. Horren ondorioz, ur zikinak Nerbioi ibaira isurtzen jarraitu beharko dute Arrankudiaga-Zollok eta Arakaldok.
"Izugarrizko presioa jasaten dugu bi udalok URA agentziaren eta bestelako estamentuen aldetik ur-zikinen isuria dela eta; baina hori konpontzea ez dago gure esku, ezin ditugu horrelako inbertsioak egin"
"Izugarrizko presioa jasaten dugu bi udalok URA agentziaren eta bestelako estamentuen aldetik ur-zikinen isuria dela eta" azaldu du Txutxi Ariznabarreta. Bi udalek, arazoa sortu ez, "sufritu" egiten dutela adierazi du Arrankudiaga-Zolloko alkateak. "Hori konpontzea ez dago gure esku, ez gara iristen konponbideak eskatzen duen diru inbertsiora. Bi milioi euroko aurrekontua ez duen udalerria da gurea, nola finantzatuko dugu hainbeste milioi euroko kostua duen proiektua?", nabarmendu du Ariznabarretak.
Gaineratu duenez, Arrankudiaga eta Arakaldo artean hiru dira ur-zikinak kolektoreetara bideratzen ez dituzten industriaguneak: Bakiola, Arbide eta Ugarriza uharteko poligonoa. "Bakiolako poligono industrialak 70 pabilioi ditu, mugimendu handia dago. Onartezina da ur zikinak Nerbioi ibaira isurtzea, kolektoreak hain kilometro eskasetara dituztenean". Bi udalerriak kexu dira inork ez diolako gaiari heldu nahi, eta frustrazio egoera batean daudela azpimarratu dute. Adierazi dutenez, ate asko jo dituzte egoera bideratzeko asmoz; URA agentzian, Bizkaiko Diputazioan edota Madrileko Gobernuan, adibidez. Baina salatu dute inork ez duela egoera bideratu nahi.
EH Bilduren konpromisoa
Egoera bideratzeko asmoz, Txutxi Ariznabarreta eta Jabi Asurmendi alkateekin batzartu da gaur EH Bilduko ordezkaritza bat. Idurre Bideguren senataria buru zela, bertan egon dira ere Mikel Otero legebiltzarkidea eta Zigor Isuskiza Bizkaiko foru diputatua. Bidegurenek koalizioaren konpromisoa berretsi du, eta ziurtatu dute gaia landuko dutela hainbat erakundetan, Nerbioiko saneamendu arazoei irtenbidea emateko:
BIDEOA | Arrankudiaga-Zolloko eta Arakaldoko alkateekin batzartu da @ehbildu|ko ordezkaritza bat ur zikinen saneamendu gabeziak gertutik ezagutzeko.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 25, 2022
Bertan izan da @IdurreBideguren senataria, eta EH Bilduk erakunde desberdinetan bultzatuko dituen ekimenen inguruan mintzatu da: pic.twitter.com/AfkiQtgG5u
Hain zuzen ere, Bidegurenek azaldu duenez, irtenbide teknikoa idatzia dago honezkero, eta finantziazioa da falta den gauza bakarra. "Ezin dugu egoera hau konponbide gabe utzi finantziazio arazo batengatik, ingurumena kaltetzen duen arazo larria da hemen daukaguna" azpimarratu du senatariak.
Arrankudiaga-Zollo Bizkaiko ur-partzuergoan integratzeko proiektuan dago jasoa ur zikinen isurketak eteteko proiektua. Arrankudiaga-Zollok Ugaoko kolektoreetara ponpatuko lituzke ur zikinak. Arakaldok, aldiz, ibaian gora dauden Arrankudiagako bi auzorekin batera, Basurbeko araztegira ponpatuko lituzke ur zikinak. "Zenbait erakundetan saiatuko gara presionatzen zonalde honetako saneamenduari irtenbide bat emateko lehen bai lehen".