Arrankudiaga-Zolloko Gazte Eguna egingo dute Txondor Gaztetxean maiatzaren 21ean. Helburu sinple bezain argia izango du ekimenak: "herriko gazteen arteko harremanak sendotzea eta herriari bizitasuna ematea". Hala azaldu dute gazte asanbladako kideek: "COVID-19a dela eta bi urte eman ditugu gazteak sakabanatuta, eta orain aukera dugu berriro elkartzeko". Nabarmendu dutenez, jende berria sartu da asanbladan, eta taldea berrosatzea lortu dute horrela.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan hasiko da programa, mural margoketarekin. 13:00etan trikipoteoa egingo da, eta bazkaria 14:30ean. Paella emango dute jateko, 10 euroren truke. Tiketak eskuratzeko ondorengo telefono zenbakira deitu behar da: 671 341 881 (Olatz).
Kontzertu akustikoa egongo da bazkalostean, Ainize eta Ainararen eskutik. 18:00etan aizkolari erakustaldia egongo da. Ibarrondo gazte arrankudiagarra Amaderen aurka neurtuko ditu indarrak. 19:00etan karropoteoan abiatuko dira, eta 20:30ean hasiko dira kontzertuak, Zutik, Habemus Papam eta Lokers taldeekin.
Gaztetxearen jarduna
Pandemia dela eta, bi urte eman ditu Gaztetxeak itxita. "Iazko abenduan berreskuratu genuen dantza tailerra. Orain astero biltzen gara, pandemia baino lehen bezala", azaldu dute gazteek. Horrez gain, ekintzak antolatzeari ekin diote hilabeteetako azken ostiraletan, "adin ezberdinetako jendea bertaratzeko". Dinamika horrekin jarraitu nahi dute hemendik aurrera, eta Arrankudiagako jaietan ere parte hartuko dute, aurreratu dutenez. "Herriko edozein gaztek parte hartu dezake gaztetxean. Horretarako, gurekin harremanetan jarri baino ez du egin behar".