Alokairu sozialera bideratutako 10 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko proiektua garatuko du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Arrankudiaga-Zolloko Udalak lagatutako lursail batean. Bi erakundeek agerraldia egin dute gaur goizean proiektua aurkezteko, eta orubea ezagutzeko. Bertan izan da Pedro Jauregi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordea.
Garondo auzoan dago kokatuta etxebizitzak hartuko dituen lursaila. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Udalak kargarik gabe utzi dio orubea Eusko Jaurlaritzari. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, bere aldetik, hirigintza proiektuaren sustapena egiteko beharrezko agiriak eta dokumentuak osatuko ditu, bai eta eraikuntza garatzeko urbanizazio-obra guztiak kontratatu ere.
Aurreikusitakoaren arabera urte amaieran lizitatuko dute proiektua eta 2024an hasiko dituzte obrak. Hasierako kalkuluen arabera lanek milioi bat euroko kostua izango dute.
Aukera zailtasunak dituztenei
Zuzkidura-bizitokiak izango dira Arrankudiagan eraikiko dituztenak. Etxebizitza mota horren ezaugarri nagusia behin-behienkotasuna dela azaldu du Jauregi sailburuordeak: "etxebizitzan egoteko epea bost urtekoa izango da". Hain zuzen ere, sailburuordearen hitzetan: "etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko dago bideratuta proiektua, bereziki gazteak eta pertsona nagusiak".
Etxebizitza txikiak izango dira, bat eta bi pertsona arteko etxebizitza-unitateei bideratuta, 60 metro koadro artekoak. Etxebizitza Saila arduratuko da etxebizitzak esleitzeko prozeduraz, eta honezkero aurreratu dituzte baldintza batzuk, Etxebiden indarrean daudenak, hain zuzen ere: Arrankudiaga-Zollon hiru urtez erroldatuta egotea, 3.000 eta 39.000 euro arteko diru sarrerak izatea, eta jabetzan etxebizitzarik ez izatea.
Jauregik azaldutakoaren arabera 24 dira gaur egun Etxebiden izena emanda dauden Arrankudiaga-Zolloko eskatzaileak.
"Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko dago bideratuta proiektua"
Arrankudiaga-Zolloko bizilagunek lehentasuna izango duten arren, etxebizitzaren bat esleitzen ez bada Arakaldo, Laudio, Ugao, Arrigorriaga eta Zeberioko eskatzaileek izango dute aukera, eta, ondoren, Bilbo inguruko gainerako bizilagunek.
Txutxi Ariznabarretak nabarmendu du bereziki gazteei zuzendutako proiektua dela honakoa: "Gazteek herrian errotzeko eskubidea dute, eta horretarako ezinbestekoa da etxebizitza eskubidea bermatu ahal izatea".
Etxebizitza Sailak eta Arrankudiaga-Zolloko Udalak hitzarmena sinatu dute udalerrian 10 etxebizitzaren eraikuntza sustatzeko.
Etxebizitza Sailak eta Arrankudiaga-Zolloko Udalak hitzarmena sinatu dute udalerrian 10 etxebizitzaren eraikuntza sustatzeko.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) May 13, 2022
TXUTXI ARIZNABARRETA: "Gazteek euren herrian errotzeko eskubidea dute, horregatik etxebizitza proiektua gazteei dago zuzendua nagusiki" pic.twitter.com/1iMtscAUuC
Lankidetza balioan
Bi erakundeek oso positiboki baloratu dute elkarren arteko lankidetza. Txutxi Ariznabarreta alkateak oso positibotzat jo du prozesua: "Udal txikiak ohituak gaude ate asko jotzera, eta arreta gutxi jasotzera. Etxebizitza Sailera jo genuenean, segituan bideratu zuten gure eskaera, oso positiboa eta emankorra izan da lankidetza".
"Eskerrak eman behar dizkiogu Arrankudiaga-Zollori etxebizitza arazoari irtenbidea bilatzeko erakutsitako prestutasunagatik"
Bide beretik jo du Pedro Jauregi sailburuordeak ere: "Eskerrak eman behar dizkiogu Arrankudiaga-Zolloko Udalari etxebizitza arazoari irtenbidea bilatzeko erakutsitako prestutasunagatik".
Tokiko erakundeen eta Etxebizitza Sailaren arteko lankidetza balioan jarri ditu ere Jauregik: "Lurzoru eraikigarria duten udalen eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren arteko lankidetza estua bide egokia da etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei horretan laguntzeko, bereziki gazteei".
Etxebizitza arazoari aurre egiteko ekinbide integrala
Gaur aurkeztutako 10 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko hitzarmena, azken hilabeteetan etxebizitzarekin erlazionatutako gainerako neurri eta proiektuekin erlazionatu ditu Txutxi Ariznabarretak. Alde batetik, Garondo auzoan bertan etxebizitza-komunitarioa eraikitzeko lanetan dago Udala. Bestetik, udalerriko baserrien katalogoa, eta hauetan bizikidetza-unitate berriak sortzeko proiektua ere bultzatu dute.
Hiru egitasmoak etxebizitza eskubidea bermatzeko proiektu integral beraren barruan kokatu ditu Arrankudiaga-Zolloko Udalak.