Atzo hasi ziren Arrankudiaga-Zolloko San Pedro jaiak. Sua piztu eta txokolatada eskaini zuten, udari ongi etorria egiteko.
Baina datorren astean egingo dituzte ekintza gehienak. Asteartean -ekainak 28- eskema bera errepikatuko dute: txokolatea eta sua egongo dira, txupinazoaren eta kalejiraren ostean.
Asteazkenean ospatuko dute San Pedro eguna, hiru osagai nagusirekin: meza, bazkaria eta erromeria.
Uztailaren 2 eta 3rako, aldiz, egun osoko egitaraua prestatu dute bizilagunek. Larunbatean puzgarriak, umeentzako bazkaria, mus eta tute txapelketa, bingo musikatua eta afari merienda egongo dira, eta Run Free berbena arduratuko da iluntzea girotzeaz.
Igandean, aldiz, bakailao eta tortilla txapelketa, umeentzako jolasak, bibolin emanaldia eta bazkaria egongo dira goizean. Musikarekin agurtuko dituzte jaiak arratsaldean, Dantzatzekoprest diskofestarekin eta Kittu erromeriarekin.
