UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

"Arrankudiaga-Zolloko kontsultategia ixtea atzerapauso bat da gure udalerriko bizitza kalitatean"

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 6a, 17:00

Uztailaren hasieratik dago itxita kontsultategia. / Arrankudiaga-Zolloko Udala

Adierazpen instituzionala plazaratu du Arrankudiaga-Zolloko Udalak Osakidetzaren erabakiaren aurrean. 

Uztailaren hasieratik etenda dago mediku zerbitzua Arrankudiaga-Zolloko kontsultategian. Hala jakinarazi du Udalak, eta adierazpen instituzionala plazaratu du Osakidetzak hartutako erabakia salatzeko. 

Tokiko erakundeak nabarmendu du erabaki horren ondorioz bizilagunek Ugaora jo behar dutela arreta jasotzera, eta horrek “eragozpen nabarmenak” sortzen dizkiela mediku beharra duten herritar eta familiei, udalerriko bizitza kalitatea “atzerapauso” bat eraginez. 

“Azken bi urteotan, horrelako zerbitzu murrizketak izan direnean, pandemiaren eraginak behartuta hartutako neurriak izan direla esan zaigu”, azaldu dute adierazpen instituzionalean, “horregatik, orain, pandemiaren eragin zuzena gaindituta dagoela esaten denean, ez dugu ulertzen zerbitzu murrizketa hau”.

Era berean, “beldurra” ere adierazi du tokiko erakundeak, horrelako murrizketak ohiko bilakatzeak kontsultategia “behin betiko ixteko bidea” izan daitezkeela iritzita. Gauzak hala, azpiegitura berriro irekitzea eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, “osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak udalerrian urte osoan zehar bermatzeko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide