Posets mendira asteburuko irteera egingo du Matxinkortak irailaren 17ko asteburuan

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ira. 7a, 12:39
Matxinkorta taldekoek egindako mendi irteeretako bat, Aniera. / Aiaraldea.eus

Posets tontorrera igoko da iraileko hirugarren asteburuan Matxinkorta mendi taldea. Irailaren 10 arte egongo da mendi zeharkaldian izena emateko epea zabalik. 

Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta mendi taldeak aurkeztu du dagoeneko iraileko egitaraua. Hain zuzen, Pirinioetara joango dira hirugarren asteburuan. Oraingoan, Posets gailurra aukeratu du kirol elkarteak, eta irailaren 17an zein 18an egingo dute ibilaldia.

Larunbatean abiatuko dira Arrankudiagako plazatik, 8:00etan. 13:00etan aurreikusi dute iristea Benasquera (Huesca, Espainia), eta bertan bazkalduko dute, "bakoitzak etxetik eramandakoa". Zehaztu dutenez, 18:00etan ailegatuko dira Angel Orus aterpetxera, eta elkarrekin afalduko dute han. Modu horretan, igandean ekingo diote Posets gailurrerako zeharkaldiari. 

Aurreratu dutenez, igandean 6:00etan irtengo dira lo lekutik, 10:00etan tontorrean egoteko xedez. Modu horretan, 17:00etan berriz irteera puntura iristea espero dute; ondoren, Arrankudiagara itzultzeko.

Izena emateko epea irailaren 10ean bukatuko da. Matxinkortako bazkideak direnek 65€ ordaindu beharko dituzte, eta besteek 80€. Deialdia irekia bada ere, 12 pertsonako muga jarri dute ekintzaz gozatzeko. Interesdunek matxinkorta@gmail.com helbidera bidali beharko dute mezua, edota Facebookeko kontura.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide