Arrankudiagako XIX. Mendi Martxa aurkeztu du Matxinkorta kirol elkarteak. Irailaren 25ean -hots, igande honetan- egingo dute ekimena, eta bi zeharkaldi prestatu dituzte horretarako. Batetik, iraupen luzekoa (20km) eta, bestetik, laburrekoa (10,4km). Parte hartzeko ez da aurrez izenik eman behar, eta doakoa izango da proba.
Ordutegiari dagokionez, 8:30ean abiatuko dira 20 kilometroko etapa aukeratzen dutenak, eta 970 metroko desnibelari egin beharko diote aurre. Hala, Arrankudiagako plazatik Biderdi eta Ganekogorta gainak zapaldu beharko dituzte, Gazteluzarretik Madalena pasata herrira itzultzeko berriro.
Ibilbide laburrekoek, aldiz, ordubete beranduago izango dute hitzordua; hau da, 9:30ean. Irurita izango da txangoko punturik altuena, eta Madalenatik plazara jaitsiko dira ondoren.
Matxinkorta taldeak sare sozialetan azaldu duenez, Madalenan elkartuko dira mendizale guztiak; eta bertan egingo dute hamaiketakoa. Hemen ikusi daitezke xehetasun guztiak:
