Josu Beaskoetxeak dimisioa aurkeztu du gaurko udalbatzan

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 11a, 14:00

Josu Beaskoetxea EAJko kidea.

EAJko udalburuak bere lana jarduera politikoarekin bateratzeko zailtasunengatik utzi du kargua, azaldu duenez. Ez da gaurko udalbatzan landu den gai bakarra, ordenantza fiskalak eta mendi bideen ordenantza berriak ere onartu baitira.

Josu Beaskoetxea jeltzaleak zinegotzi kargua utzi du gaurko udalbatzan. 2019an berak lideratutako zerrendak EH Bildurenak baino zortzi boto gutxiago jaso zituen; eta guztira, zazpi urte eta erdi eman ditu gazteak udalean, aurreko legealdian ere EAJko ordezkari izan baitzen.

Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, egun Arrankudiaga-Zollotik kanpo lan egiten du, eta aste osoa beste hiri batean igaro behar du. Hori gutxi balitz, ikasketak abiatu ditu eta horrek guztiak zaildu du bere lanpostua eta trebakuntza uztartzea jarduera politikoarekin: "Ez dut nahi erdizka egotea. Bileretan parte hartzea ezinezkoa zait eta nire nahia da udalean aritzea zentratuta eta ekarpenak egiten. Horregatik, normaltasun eta naturaltasun osoz nahiago izan dut nire lekua %100ean jardungo den kide bati uztea", argitu du Beaskoetxeak. Ikasturte osoan oso lanpetuta egongo denez, hurrengo hauteskundeetan parte hartzea ez da aukera bat izango berarentzat.

"Ez dut nahi erdizka egotea, eta bileretan parte hartzea ezinezkoa zait. Normaltasun eta naturaltasun osoz nahiago izan dut nire lekua %100ean jardungo den kide bati uztea"

Edonola ere, orain arte zinegotzia izandakoak esker hitzak izan ditu: "Oso eskertuta nago herritarrak ordezkatzeko aukera izan dudalako eta herriaren eta alderdiaren errespetua jaso dudalako. Hortaz, pozik noa eta nire lana utzi dut". Antza, Olatz Alamillo izango da Beaskoetxearen ordezkoa, Aiarako alkatearen arreba, hain zuzen.

Ordenantza fiskalak eta mendi bideak

Josu Beaskoetxearen agurra ez ezik, bestelako gaiak ere jorratu dituzte udalbatzan. Zehazki, ordenantza fiskalak eta mendi bideen erabilpenari buruzko araudia ere onartu dira.

Ordenantza fiskalei dagokienez, udalak %1eko igoera orokorra egin du ur zerbitzuan, hondakinen bilketan, estolda zerbitzuan, ibilgailuen zergan edota OHZn. Horrez gain, prezio publikoetan %3,5eko igoera ere egikaritu du.

Txutxi Ariznabarreta alkateak azaldu du beharrezkoa izan dela horrela egitea: "Kalkuluen arabera, aurtengo KPIaren gorakada %9koa izango da. Nola ez, ezin diegu gorakada hori kobratu herritarrei, baina tasak izoztuta udalaren bideragarritasuna zalantzan jarriko genuke. Izan ere, zerbitzuen kostua edota udal langileen soldatak igoko dira. Horregatik, arrazoizko igoera onartu dugu".

Mendi bideen araudiak ere aurrera egin du. Testu hori bideen inbentarioaren eskutik heldu da, eta zehazten du zein bide eta nola erabili behar diren, nola itxi, eta zein ibilgailuk baliatu ditzaketen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide